ALBISTEAK

34. aldiz ospatu du Errozioa Al-Andalus elkarteak

Gontzal Belategi Zubia 2026ko uztailaren 7a

Uztaileko lehen domekan ospatu du, beste urte batez, Errozioa Al-Andalus elkarteak. Euskal Autonomia Erkidegoko andaluziarren elkarteetatik 330 bat lagun etorri dira Arrasatera, jaiaz gozatzera.

Kutsu andaluziarra hartu du Arrasatek asteburuan, Al-Andalus elkarteak antolatutako Errozioari esker. Uztaileko lehen domekan antolatu ohi dute erromeria, eta aurtengoa 34. aldia izan da. Egitarau betea izan dute edizio honetan ere. Euskal Autonomia Erkidegotik etorritako elkarte andaluziarrei harrera egin ostean, Ama Birjina atera dute Al-Andalus elkartetik, eta mezara joan dira.

Meza amaitutakoan, Ama Birjinarekin erromesaldian joan dira Arruena parkera, eta bertan jarraitu dute festarekin. " Gelditzen dena karpan pasatzen dugu, jaten eta edaten. Ama Birjina ere bertan jartzen dugu, eta jendea berari errezatzera joaten da. Horrela egoten gara etxera joan arte", azaldu du Al-Andalus elkarteko Jose Maria Bañosek.

330 pertsona EAEtik

Arrasatearrez gain, Euskal Autonomia Erkidego osoko jendea hurbildu da Al-Andalusek antolatutako Erroziora. Inguruko elkarte andaluziarretatik 330 lagun inguru bertaratu dira. Baños pozik dago bertaratu den jende kopuruarekin, beste urte batzuetan kopurua handiagoa izan dela aipatu arren: "Kopuru polita da. Zenbait urtetan izan dugu jende gehiago, baina ondo dago. Eliza lepo bete da, eta apaizak asko eskertu du. Nik ere bai".

Bertaratu diren pertsonak, arrasatearrak zein kanpokoak, pozik agertu dira antolatzaileek egindako harrerarekin. "Dantzatzeko leku ona da. Urdaiazpikoa jartzen digute, denetarik jartzen digute. Oso ondo hartzen gaituzte, oso anfitrioi onak dira", azaldu du emakume batek. "Urtero nahiko berezia izaten da, eta jende gehiago etortzen da. Polita izaten da", gaineratu du beste batek.

Ama Birjinaren itzulera, eskuz

Aurtengo edizioa ohiko moldeetan ospatu duten arren, honen ostean aldaketa bat egin beharrean aurkitu dira antolatzaileak, eta festa amaitutakoan, Ama Birjina eskuz eraman dute. Normalean autoz eramaten dute, baina, lan hau egiten zuenak erretiroa hartu du, eta eskuz eraman beharrean aurkitu dira: "Aurten gauza aldatu da. Urtero Ama Birjina autoz eraman izan dugu etxera, baina, aurten ez dugu autorik, erretiratu egin delako. Orduan, eskuz eraman behar dugu berriro bere etxera".

Erlazionatuak

Giro andaluziarra Arrasaten, Errozioari esker

Jokin Bereziartua Lizarazu uzt 05 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak