Arrasateko txosnagunearen irekiera ofiziala, Askapenaren eskutik

Eki Letona Erretolatza 2026ko ekainaren 23a

Gaur eguerdiko 12:00etan txosnak ireki dituzte eta 12:30etan Askapena eragileak pregoia eman du. Etxaflero gabe aurtengo San Juan jaiei hasiera ofiziala eman diote.

Urtero bezala Txosna Batzordea osatzen duten bederatzi eragileetako batek irakurritako pregoiarekin. Aurten, Askapena, Euskal Herriko Erakunde Internazionalista, eragileak hartu du hitza, eta Marixe Ruiz de Austri izan da testua irakurri duen arduraduna. Bero handia dela eta indarrean dagoen abisu horiaren ondorioz, ezin izan dute ohiko etxafleroa bota, piroteknia erabiltzea debekatuta baitago.

Pregoian nazioarteko egoera politikoa eta internazionalismoa izan dituzte hizpide. Besteak beste, "Inperialismoa ofentsiba betean dago, munduko txoko askotan ari da inperialismoa fronte berriak zabaltzen, Iran, Palestina, Libano, Kuba, Venezuela, Kolonbia, Yemen, Siria... zuekin gaude eta San Juanetan ere ezin dugu internazionalismoa ahaztu" adierazi dituzte.

Halaber, Euskal Herriaren egoera politikoari eta herri langileen antolakuntzari buruzko hausnarketak ere plazaratu dituzte.  "San juanetan ere ezin dugu internazionalismoa ahaztu, eta horrexegatik beragatik gogor deitoratuko ditugu engendro sionista, ameriketako estatu batuak, NATO aliantza terrorista, europar batasuna eta espainiar zein frantziar estatuak. Guztiak dira euskal herri langilearen miseriaren erantzule, guztiak izan behar ditugu jomugan".

Beroak jai giroaren hasiera baldintzatu badu ere, arrasatearrek ez dute huts egin, pregoia amaitu ostean trikitilarien doinuek hartu dituzte txosnagunea. Horrela abiatu dira ofizialki Arrasateko San Juan jaiak, datozen egunetan ekitaldi ugari eta jai giro zabala izango dituztenak.

Erlazionatuak

Pregoia eta txosnagunearen irekiera argazkitan

Eki Letona Erretolatza eka 23, 13:11 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak