Kirolariez eta herriko kirol elkarte askotako ordezkariez bete da Kulturolako arkupea sari banaketa ekitaldian. Aratz Arenazak eta Oier Aranegik musikaz girotu dute sari banaketa, eta Udalak emandako Udalaren Errekonozimenduaren saria eta Kirolari onenaren saria izan dira banatu diren lehenengo sariak.
Mondraitz eta Carrascal, sarituak
Mondraitz Kirol Klubak jaso du Udalaren Errekonozimendu saria. Hamarkada bat bete dute Arrasate-Udalatx lasterketa antolatzen, eta "hastapenean herrian halako hitzordu baten hutsunea betetzera etorri zen lasterketa batetik Euskal Herrian erreferentziazko lasterketa bihurtu izana" aitortu diote kirol klubari. 
Jarraian banatu dute Kirolari onenaren saria, eta Eneko Carrascal izendatu dute saridun. Maila absolutuan Espainiako pista estaliko txapelketa irabazi du, eta, horrez gain, Real Sociedad taldearekin Espainiako txapeldunorde izan berri da: urte borobila arrasatearrarentzat. Bere denboraldia ez da hor amaitu, izan ere, uztail amaieran izango du urteko beste helburu nagusia; aire libreko Espainiako Txapelketa.
Lan kontuengatik Suedian dago Carrasacal, eta ezin izan da sari banaketa ekitaldira gerturatu. Hala ere, bideo bidez, eskerrak eman dio Arrasateko Udalari herriko kirolari onenaren saridun izendatzeagatik, eta gogoan izan ditu Herritarren sariko hautagai batzuk ere: "Ikusi ditudan kirolari denek merezi dute hautagaien artean egotea. Baina, bereziki, bi zoriondu nahi ditut. Batetik, Ander Murua pilotan egin duen urtearengatik. Eta, bestetik, Josu Tornay, harekin xakean jokatu izan dudalako".

Ia 600 boto
Herritarren saria eta Kirol talde onenaren saria herritarren esku egon dira. Udalak guztira 573 bot jaso ditu, eta, boto kopuru totalaren %45,5a jasota, Geurea Rugby Taldeko neskak izan dira taldekako irabazleak Emakumeen Euskal Liga irabazteagatik. 
Arratsaldeko azken saria, berriz, Herritarren saria izan da. Hori aukeratzeko bakarkako zortzi finalista zeuden aukeran, eta Mikel Velasco ardi moztaileak irabazi du: boto kopuru totalaren %24,9a jasota. Euskal selekzioa ofizialki lehiatu da Zeelanda Berrian egiten duten ardi moztaileen Munduko Txapelketan, eta arrasatearra izan da kideetako bat. Hala, Bingen Errasti saskibaloi jokalaria geratu da bigarren, botoen (%18,4), eta Ander Murua pilotaria hirugarren (%16).
Lan kontuengatik ere, sari banaketa ekitaldiak Sardinian harrapatu du Velasco, baina hark ere esker oneko hitz batzuk eskaini ditu: "Eskerrik asko bozkatu nauzuenei eta baita beste kirolariren bati bozkatu diozuenei ere, pena bat da niretzat gaur Arrasaten egon ezin izatea, baina laster bueltatuko naiz etxerantz".
