Kepa Junkera omendu du Arrasateko Trikitixa Eskolak ikasturte amaierako kontzertuan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 18a

Maixa Lizarribar, Kepa Junkera eta Irati Gutierrez emanaldiaren amaieran egindako omenaldian. (Argazkia: I.A.A.).

Arrasateko Trikitixa Eskolako 250 ikaslek Kepa Junkeraren erritmoa lelopean eman zuten atzo, eguaztena, ikasturte amaierako kontzertua Kepa Junkera berak ere hutsik egin ez zuen eta bete egin zen Amaia Antzokian. Ordubete inguru pasatxoko saioan Junkeraren errepertorioko 12 kantu jo dituzte, eta ekitaldia artistari egindako aitortzarekin amaitu zuten.

Kontzertuaren aurretik, argazki erraldoia atera zuten ikasleek eta txalo artean hartu zuten Junkera. Emanaldiko ikusleek ere ezustean hartu zuten Kepa Junkera antzokian egotea, eta beste txalo zaparrada bat jaso zuen.

Arrasateko Trikitixa Eskolak aldaketa bat egin eta ikuskizun berezia eskaini nahi zuen, eta lortu zuten. "Aldaketa eskatzen zuen eta zerbait berezia egin nahi genuen. Norbait aukeratu behar zen. Maixa Lizarribarrek bota zuen ideia hau eta zein hobeto Kepa Junkera baino. Tritikitixa eta pandero munduan erreferentea izan da, baita Euskal Herrian ere. Gainera, Eskolarekin ere lotura izan du Sorginak eta guzti hori kontutan hartuta. Guretzat berezia izan da eta berari ere ilusioa egin dio. Hortaz, oso pozik", zioen pandero irakasle Eneritz Urrutiak.

12 pieza, ordubetean

Ikasle kopurua eta mailak uztartu behar izan dituzte emanaldirako eta trikitixa, panderoa eta bestelako instrumentuz bete zen antzokia. Urrutiak adierazi zuen, ez dela erraza izan Junkeraren errepertorio guztitik aukeraketa egitea.

Ikasleak ere gustura agertu dira. June Guenetxeak GOIENAri honakoa adierazi zion: "Kepa gure erreferentea da, trikitilari oso ona gainera. Ausartuko nintzateke esatera mito bat dela. Ilusio asko egiten digu bera etortzeak eta bere abestiak jotzeak.

Leire Lezetarendako ere "ohorea eta altxorra" izan da Junkeraren aurrean jotzea: "Trikitixa munduari asko eman dion pertsona bat da, eta uste dut ezin daitekeela egunero esan Keparen aurrean jo behar duzunik. Hortaz, oso pozik".

Ikasturte “polita” izan da aurtengoa Arrasateko Trikitixa Eskolarendako, eta Kepa Junkerari eskainitako kontzertuarekin eta hura omenduz jarri diote ginga.

Elkarrizketa, irakurgai, bihar

Arrasateko Trikitixa Eskolak egin dion omenaldiaren harira, Aitziber Aranburuzabala GOIENAko kazetariak elkarrizketa egin dio Kepa Junkerari eta bihar kaleratuko den Goiena Aldizkariaren 1.128 zenbakian izango da irakurgai; baita, Goiena.eus-en ere goizeko zortzietatik aurrera.

Arrasateko Trikitixa Eskolako ikasleak, Kepa Junkerarekin. (Argazkia: I.A.A.).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak