Lasaitasunetik, kontziente zarete lortu duzuenaz? Barneratu duzue?
Eider Luengo: Handia egin dugu, eta ez genuen espero. Baina, horrek erakusten du taldeak duen indarra. Akaso ez gara teknikoki perfektuak, baina taldearekin eta taldearendako borrokatzeko gogoak eroan gaitu lortu duguna lortzera. Azken unean lortutako entseguarekin irabazi genuen, gugan sinisten genuenaren seinale.
Libe Argoitia: Ez genuen espero, inondik inora. Finalerdietara sailkapena final bat izango bazan ospatu genuen. Ostean etorri zen finala, eta entrenatzaileetako batek esan zigun, emaitzaz harago, finalean egotea saria zela guretzat. Baina, finala irabazi genuen.
Ze ezaugarri ditu taldeak?
E.L.: Hiru herritako jokalariak izan arren, giro polita dugu taldean. Errugbian jokatu eta errugbiaz gozatu gura dugu. Hori da helburu nagusia. Gainera, lasai joaten gara. Badakigu alboan daukagun hori taldekidea dela, eta ez gaituela epaituko. Horrek guztiorrek, lasaitasuna ematen du, eta disfrutatzeko aukera ere bai.
L.A.: Ados nago. Zornotzara entrenatzera joaten garenean, pozik joaten naiz. Gustura. Eta hori oso inportantea da, hiru herritan ibili behar dugunean. Zornotzan eta Elorrion etxean moduan sentitzen gara, eta lagun mordoa egin ditugu. Talde-giroa azpimarratuko nuke.
Etengabeko formazioan dagoen taldea zaretela diozue. Zer esan nahi du horrek?
E.L.: Ikasten dabilen talde bat garela esan gura du. Edozein sar daiteke taldera. Ateak beti ditugu zabalik. Formatzen eta hazten diharduen taldea gara. Gure asmoa ez da goi mailan egongo den talde bat sortzea. Emaitzak etorri behar badira, etorriko dira. Baina, hori ez da gure erronka nagusia.
L.A.: Taldean badaude errugbiaz asko dakiten eta maila handia duten jokalari batzuk; eta beste batzuk hasiberriak direnak, eta euren lekua topatzen dihardutenak. Ni neu ere kokatzen nabil oraindik. Beraz, errugbian jokatu gura duten guztiak dira ongietorriak. Gaitasun guztiak hartzen ditugu kontuan, taldea eraikitzen joateko.
Zuek garbi izan zenuten errugbian jokatu gura zenutela?
E.L.: Osaba eta lehengusu bat klubeko kide dira, eta pandemiaren ostean hasi ziren senior nesken taldea sortzeko asmoarekin. Jokatzen hastea proposatu zidaten, eta beldurra izan arren, aukera bat ematea pentsatu nuen. Kontaktuzko kirol bat da, baina ez da bortitza.
L.A.: Gure etxean errugbia presente izan dugu beti, anaiari esker. Neskak falta zirela esanez askotan proposatu zidaten taldera batzea, baina, beldurra ematen zidan. Hezkuntza Bereziko aipamenari eskeri hasi nintzen errugbi inklusibora joaten, eta errugbia barrutik ezagutzen. Horren harira, berriro proposatu zidaten, eta hemen nago.