Arrasateko Udal Bibliotekak bere 60. urteurrena ospatu du Kulturaten egindako ekitaldi berezi batekin. 60 urte, pasio bera lelopean antolatutako ospakizunak dozenaka lagun bildu ditu; erabiltzaileak, langile ohiak eta Kulturaren bueltan, liburutegiarekin harremana izan duten herritarrak tarteko.
Ekitaldiarekin hasteko Udal Bibliotekako zuzendari Asun Agirianok hartu du hitza, liburutegiko zati direnei eta izandakoei eskertzeko. Horren ostean, irakurraldi berezi bat egin dute lehengo eta oraingo erabiltzaile eta langile ohiek, Beatriz Egizabalen gidaritzapean. Askotariko liburuen irakurketa egiteaz gain, Udal Bibliotekaren historian zehar bizitako esperientziak eta oroitzapen pertsonalak ere partekatu dituzte parte-hartzaileek. Agirianoren esanetan, ospakizun "berezia" izan da gaurkoa: "Hunkigarria izan da. Jende askok hartu du parte, oso irakurketa interesgarri eta baliotsuak entzun ditugu, eta alde horretatik oso egun ederra izan da".
Irakurketatik musikara
Irakurraldiaren ostean, Del Val bikoteak kontzertu akustiko labur bat eskaini du. Ospakizunarekin amaitzeko, mokadutxo batez gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Tarte horretan, liburutegiaren historiako argazki zaharrekin osatutako proiekzioa eskaini dute klaustroan, urte hauetan guztietan zerbitzuak izan duen bilakaera gogora ekarriz.
Urteurreneko ospakizunak ikasturteari amaiera emateko ere balio izan du. Agirianoren arabera, azken hilabeteetako balorazioa positiboa izan da, idazle eta marrazkilari ezagunen bisitekin nahiz idazketa tailerrek izandako parte-hartze handiarekin.

Sei hamarkadako ibilbidea
1966ean abiatu zenetik, hainbat egoitza eta errealitate ezagutu ditu Arrasateko Udal Bibliotekak: Garibai etxeko lehen kokalekutik, Monterron jauregira eta handik Kulturatera egin du bidea, betiere irakurzaletasuna eta kulturaren zabalkundea ardatz hartuta. Gaur egun, Kulturateko egoitzaz gain, Santa Marinako auzo-liburutegiak ere osatzen du zerbitzua. Liburuen maileguaz harago, ikus-entzunezko materiala, ordenagailu eramangarriak, laguntza teknologikorako tresnak eta ikasketa zein kontsulta gelak eskaintzen ditu.
Agirianok nabarmendu du urte hauetan guztietan zerbitzua mantentzeko eta indartzeko langileen lana ezinbestekoa izan dela. "Zortzi langile gabiltza gaur egun. Langileak ezinbestekoak dira, aurrekontu duinak ere bai, eta zentzu horretan zorte handia dugu Arrasaten", adierazi du. Gaur egun, Arrasateko biztanleen %65 inguru da bibliotekako bazkide, eta datu horrek erakusten du zerbitzuak herritarren artean duen indarra eta errotzea.