Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkartea Debagoienera iritsi da: egoitza zabaldu du Arrasaten

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko ekainaren 11

Arrasateko Pablo Uranga kaleko 6. zenbakian ireki ditu ateak Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen egoitza berriak. Hemendik aurrera, Debagoieneko minbizia duten pazienteek eta haien familiek doako laguntza eta arreta espezializatua izango dute eskura.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak egoitza berria inauguratu dute gaur goizean Arrasateko Pablo Uranga kaleko 6. zenbakian –gazte txokoa zegoen lokalean–. Debagoieneko hutsunea beteta, elkarteak Gipuzkoako eskualde guztietan presentzia izango du aurrerantzean, minbizia duten paziente eta senideei gertuko arreta emateko asmoarekin. Inaugurazio ekitaldian izan ziren Katty Nevado elkarteko koordinatzailea, Julian Aizpurua DanobatGroupeko presidentea eta baita Debagoieneko herrietako hainbat udal ordezkari; tartean, Maider Morras Arrasateko alkatea.

Elkarteko koordinatzaileak azpimarratu du minbizia ez dela pertsona bakarraren gaixotasuna, gizarte osoari eragiten dion errealitatea baizik: "Espazio fisiko bat izatetik harago, konfiantzazko eta laguntza errealeko konpainia izan nahi dugu. Badakigu minbizia, gizartea moduan, askotarikoa dela". Helburua gaixoak eta haien familiak gertutik babestea da, eta, aldi berean, ikerketa sustatzea, diagnostiko eta tratamendu hobeak lortzeko bidean. Maider Morrasek gaineratu du garrantzitsua dela minbizia jasaten duten pertsonek arreta "zaintzatik, ulermenetik eta berotasunetik" jasotzea.

Paziente eta senideentzat doakoa

Elkarteak azpimarratu duenez, minbizia gaixotasun konplexua da, eta ez die pazienteei soilik eragiten: "Inpaktu emozionala eta soziala dauka, ingurukoak ere babestu behar dira". Hori kontuan hartuta, Debagoieneko egoitzan pazienteei eta senideei arreta integrala eta doakoa eskainiko zaie. Nevadok dio "behar duten pertsonei entzutea, laguntzea eta haien ondoan egotea" dela elkartearen helburua. Egoitza goizez egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, eta bertan arituko dira lanean: gizarte langile bat, psikologo bat eta prebentzio psikologo bat, hain zuzen ere.

Boluntario sarea eraikitzen

Elkarteak 600 boluntario baino gehiago ditu Gipuzkoa osoan. Hain zuzen, lau arlotan jarduten dute: pazienteen laguntzan, diru-bilketa ekimenetan, informazioaren zabalkundean eta ikerketa zientifikoaren sustapenean. "Ekintza guztiei dimentsio handiagoa ematen die boluntario sareak", azaldu zuten inaugurazioan, eta Debagoieneko herritarrei parte hartzeko dei egin zieten, baita bazkide egiteko ere.

Bestalde, irekieraren harira, elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu. Bihar egubakoitza, Arnasketa eta mugimendua tailerra izango da pazienteentzat 10:30etan Mandara Yoga Eskolan. Astelehenean, 17:00etan, Nola hitz egin haur eta nerabeekin minbiziaz hitzaldia izango da, eta martitzenean, Osasuna ohituretan, 17:30ean; bi hitzaldiak egoitzan izango dira. Jarduera horiek paziente, senide eta herritar guztiei zuzenduta daude, eta helburua minbiziaren inguruko informazioa, prebentzioa eta laguntza indartzea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak