Udal Gobernuak, beste urte batez, progresibitate irizpidea hartu du kontuan, tributuak KPIaren arabera egokitzeko eta kirol ikastaroetako, udal euskaltegi zerbitzuko eta ingurumen hezkuntzari buruzko jardueretako tarifei eragingo die igoerak. Kepa Urteaga EH Bilduren udal bozeramaileak azaldu duenez, igoera "jasangarria bezain beharrezkoa" da etorkizunera begira, herritarrei "zerbitzu duina" ematen jarraitzeko. "Ezin duguna da, hainbat tributu ez igotzearren, zerga-bilketan sortzen den diru kantitate hori Udalaren gain utzi".
EAJk aurka bozkatu du, argudiatuz ez dagoela justifikatuta eta agintaldi osoan Gobernuak aplikatuko duen seigarren igoera dela zerga eta tasetan. "2023az geroztik, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) %6,08 garestiagoa da, ura % 10,25, zaborren tasa %50,11, ibilgailuen zerga %6,17 eta kiroldegiko abonuak %9,26. Kirol ikastaroak, gainera, tasa berriak onartu ondoren, 2023an baino %7,2 garestiagoak izango dira gutxi gorabehera, eta Arrasaten euskara ikastea, berriz, legealdi hasieran baino %8,13 garestiagoa izango da", azaldu du Ander Garay jeltzaleen udal bozeramaileak.
Zera gaineratu du Garayk: "Udalak 16 milioi euro inguruko superabitak ditu eta, hala ere, 36 milioitik gorako zorpetzera jotzen du. Zorra handitzen jarraitzen duen bitartean presio fiskala areagotzen duen eredua da". Azkenik, udal kontuak kudeatzeko "beste modu bat" dagoela azaldu du. "Kudeaketa arduratsuan oinarritutako eredu batean sinesten dugu, dirulaguntzak erakartzean, zergak behar-beharrezkoa denetik harago ez igotzean".
Urteagak erantzun du esanez zerbitzu asko, defizitarioak izan arren, ematen jarraitu beharrekoak direla, eta lau zutabetan oinarritu du tributuen igoera: zerbitzuak finantzatzeko ahalmena mantentzea; egiturazko defizitak saihestea; finantza-autonomia eta oreka; eta zerbitzu publikoen defizitari aurre egitea. Garayri erantzunez, halaber, dio aurrez aurreko ikastaroen igoera 3 zentimo eta 84 zentimo artekoak izango direla.
Horrez gain, azaldu du dagoeneko erabakita dutela gerakineko dirua nora bideratu. "Hori kontuan hartuta, Udala etorkizunean ahalik eta jasangarriena izatea da gure helburua".
Bi mozio onartu dituzte
Horrekin batera, EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako bi mozio onartu ditu udalbatzak. Lehenak, Baxoa euskaraz pasatzearen aldekoak, erabateko adostasunez egin du aurrera. Bestalde, Foruen abolizioaren 150. eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenen harira aurkeztutako mozioa ere onartu dute, nahiz eta sozialistek aurka bozkatu duten eta Elkarrekin Arrasate abstenitu egin den.
Osoko bilkura txikia egin dute
Era berean, ekainean ohikoa izaten den moduan, osoko bilkura txikia egin dute aurrez, ingurumena erdigunean jarrita, eta aretoa ikasle, irakasle zein gurasoz bete da ordu erdi iraun duen saioa bertatik bertara jarraitzeko. Ikasleek ikasturtean zehar landutako lanaren berri eman diote udalbatzari. Aurten, zehazki, lehorreko ekosistemetako bizitza landu dute.

Ikasleetako bat, egindako lanaren berri ematen, atzo.
Azken hilabeteetan Eskola Agenda 2030 egitasmoaren baitan egindako lana aurkezteaz gain, eskaera batzuk ere egin dizkiete udal ordezkariei eta begi onez ikusi dituzte horiek. "Gogoratu digute ez genituela guztiz bete lan guztiak eta espero dugu, datorren urtera begira, bete ahal izatea. Edozelan ere, garrantzitsua da haurrak inplikatzea eta haien ahotsak ere entzutea", azaldu du Garayk.
Zera gehitu du Urteagak: "Erosotasunean eta eraginkortasunean pentsatzen dute herrian bertan, eta guztiz zentzuzkoa da haiek esaten dutena. Beraz, hori ere izan behar da gure iparra, jakinda nagusiok ere baditugula beste arazo batzuk eta horiei ere irtenbidea emango diegula".