'Karanketan' izena hartu duen Arrasateko Elikadura Mahaia aurkeztu dute

Txomin Madina Milikua 2026ko ekainaren 5a

Karanketan Arrasateko Elikadura Mahaiaren taklde eragilea osatzen dute elkarte, talde eta erakundeetako ordezkariak.

Kulturaten egin duten ekitaldian, ekoizpenetik kontsumora doan bidea “modu jasangarria eta kolektibo” batean lantzeko helburua duen ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte. Hala, Arrasateko Elikaduraren Mahaia osatzen duten eragileek orain arte egindako bidea eta aurrera begira dituzten asmoen berri eman dute.

2024 urte udan hasitako prozesuaren emaitza aurkeztu dute gaur arratsaldean Arrasaten: Karanketan, Arrasateko Elikadura Mahaia. Kulturateko klaustroan izan da aurkezpen ekitaldia, eta bertan parte hartu dute proiektuan sartuta dauden eragileek: Arrasateko udala, Ereindajan Arrasate, Deba Garaia Landa Garapen Elkartea eta Biolur Gipuzkoa, Tokixan egitasmoa, Txatxilipurdi eta herriko zenbait ekoizle.

Azaldu dutenez, Karanketan Arrasateko Elikadura Mahaiaren helburu nagusia da herriko tokiko elikadura-kate osoa indartzea, agroekologian oinarritutako eredu osasuntsu eta jasangarria sustatuz. "Ereindajanetik etorriz zitzaigun horri guztiari buelta bat emateko beharra, eta Udaletik ere behar hori ikusi genuen. Hala, hasieran gaiaren inguruko formakuntza jaso genuen kanpoko aholkularitza baten eskutik. Horren ostean aktibazio saio batzuk egin genituen herriko askotariko eragileekin. Eta azkenik, gaur hemen bildutako eragileekin, talde eragile bat sortu genuen, prozesua definitzen eta egonkortzen jardun duena", azaldu du Arrasateko Udaleko Tokiko Ekonomia eta Enplegu batzordeko buru Jaime Bengoak.

Egitasmoari jarritako Karanketan izenari dagokionez, Arrasateko herri hizkera eta tradizioari keinu egin gura izan diotela ere zehaztu dute aurkezpenean. "Karanketan egitea aletzea da, baba, artoa edo ilarra, esaterako. Mahaiaren bueltan egiten lan kolektibo eta tradizionala da, non uzta biltzeaz gain, hazirik onenak etorkizunean ereiteko gordetzen diren", azaldu  du Jaime Bengoak, eta landu duten iruditeria zirkularraren arrazoiak ere eman ditu: "Karanketan egitasmoak auzolana, komunitatea eta elikaduraren zikloa irudikatu nahi ditu, tokiko ekoizpenaren eta kontsumoaren etengabeko mugimendua adieraziz".

Karanketan-en balioak

Ereindajan Arrasate izan da Bengoak aipatutako egonkortze prozesua eta Arrasateko Elikadura Mahaiaren estrategia zehazteko ardura zian duen eragilea. Zentzu horretan, zenbait saioren ostean, Karanketan-en bueltako hainbat balio definitu dituzte, Ereidendajan Arrasateko koordinatzaile Edurne Kortabarriak azaldu moduan: "Agroekologia, bertako ekoizleak babestea, tokikotasuna, elkargune inklusibo eta feminista izatea eta saretuta egotea dira balio horiek, etorkizunean jarraituko ditugun irizpideak".

Horretaz gain, herritarrei begirako sentsibilizazio jarduerak ere egin dituzte 2026 honetan; esaterako, maiatzean hasi eta irailetik aurrera jarraipena izango duten Lurretik mahaira! Ekoizleekin kozinatzen! ikastaro hezitzaileak. “Horiek batez ere haur eta gazteei egon dira zuzenduta, baina nahi dugu baita ere herritar guztiendako topagune irekiak abiatzea,  sentsibilizazio jarduera zein hitzaldi formatuan egingo direnak", gaineratu du Kortabarriak. Era berean, 2027ko plangintzaren lanketa ere ari dira egiten.

Deba Daraia Landa Garapenerako teknikari kudeatzaile Garikoitz Aiestak eta tokiko ekoizleen izenean ekitaldian izan den Elkoro baserriko Ane Gorosabelek Karanketan bezalako ekimenen beharra azpimarratu dute. "Irailaetik aurrerako ikastaroetan bestelako azpisektore batzuen bueltako tailerrak ere egin gura ditugu: baratzezaintza, abeltzaintza, eztigintza… Ogibide erosoena  izan ez arren eta bertatik bizitzea kosta egiten den arren, lehen sektorean aukera egon badaudela erakutsi gura dugu", gainratu du Ane Gorosabelek.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak