Irabaziak eta etekinak ez ezik, gizarte ekarpena ere kontutan hartu gura izan du Mondragoneko presidenteak: 2025ean, 49 milioi euro bideratu zituzten inpaktu soziala duten ekintzetara; kooperatiba bakoitzak gizarteari bere ekarpen ekonomikoa eginez, mila entitateri guztira. Datu horiez gain, enpleguan jarri du arreta Rodriguezek, milatik gora sortu zituztelako joan den urtean –1.346 enplegu: 277 industrian, 962 banaketan –Euskaditik kanpo gehienak–, 76 finantzetan eta 31 ezagutzan–.
"Nabarmendu nahiko nuke enplegua sortu dugula"
Sektore baten baino gehiagotan du presentzia Mondragonek eta denak ondo joan direla adierazi du Rodriguezek. Finantza arloan oso ondo, esaterako Laboral Kutxan eta Lagun Aron, eta banaketaren sektorean, ondo Eroski ere; aipatu du hamasei urteren ostean joan den urtean interesak kobratu zituztela bazkideek. Aldiz, industria da jaitsiera txiki bat izan zuena iaz –automobilgintzaren esparruan batik bat eragin zuzena izan zutelako arantzelek, Ukrainiako gerrak, esaterako–, 2026ko lehen lau hilabete hauetan berreskuratu duen arren eta ondo egon arren.
Rodriguezek adierazi du etorkizuneko enplegua sortzeko bokazioa duela Mondragonek eta sektore berrietan sortu gura dituzte. 2025ean hiru sektoretan sortu dute enpresa bana: zibersegurtasunean, elektrizitatean eta adimen artifizialean. 2026rakok ere badituzte enpresak sortzeko planak, esaterako, osasun alorrean diharduen Mondragon Health enpresaren ildotik.
2026ra begira hamabost proiektu ditu Mondragonek, sektore eta kooperatiba ezberdinetan. Horien artean hiru aipatu ditu: Bilboko Zorrozaurre proiektua, ezagutzaren sektorean oinarrituta eta demografiaren erronkari aurre eginez inmigrazioa eta unibertsitatea elkartzeko ahalegina egitea gura duena kanpoko unibertsitateekin batera; Txina plana, kooperatiba bakoitzak egin behar duen lanketa herrialde horri begira eta Arizmendiarrieta Sozial Economy Think Tank, mundu osoko gizarte ekonomi aldatuko duen nazioarteko gune bat.
"2026a hasi dugu eta lehen lau hilabeteetan industrian hazkundea izan dugu bai salmentetan, bai enpleguan"
71.000 langiletik gora zituela itxi zuen urtea iaz Mondragonek eta enplegu gehiago sortzea da, Rodriguezen esanetan, helburuetako bat, "hazten jarraitzea munduaren egoerari begirik kendu barik".
Gaineratu du urteko lehen lau hilabeteetako bilakaerari dagokionez positiboa izaten jarraitzen duela; %2,5 hazi dira salmentak 2025eko datuekin alderatuta, eta lanpostuetan igoera txiki bat izan da. Dena den, ekitaldirako hazkunde-aurreikuspenak nahiko moderatuak direla esan du, bereziki mundu mailako zenbait gatazka luzatzen ari direla kontuan hartuta eta horiek munduko egonkortasun ekonomikoa zalantzan jartzen dutela.
Pello Rodriguez, Mondragonen egoitzan gaur goizean.