Udalaren esanetan, helburua da herritarrei "zerbitzu modernoagoa, irisgarriagoa eta erosoagoa" eskaintzea eta langileen lan baldintzak "hobetzea". 486.139,90 euroko inbertsioa izango dute obrek, eta Zamakoa S.A. enpresak egingo ditu, lau hilabeteko epean.
Aurreikuspenen arabera, BAZ berritua udazken hasieran ireki ahal izango dute, "abuztua tartean dagoenez, iraila bukaera edo urria hasiera ingururako irekitzea espero dugu”" adierazi du Kepa Urteagak, Auzoak eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze saileko zinegotziak
Irisgarritasuna, konfidentzialtasuna eta modernizazioa
Berritze lanekin batera, espazioaren antolaketa guztiz aldatuko da. Irisgarritasuna hobetzeko, sarrerako ate automatikoak jarriko dituzte eta eremu publikoko lurzoru altxatua kenduko dute, mugikortasun arazoak dituzten herritarren sarbidea errazteko. "Irisgarritasuna bermatu nahi izan dugu, herritarrek inolako eragozpenik izan ez dezaten BAZera sartzeko, adibidez, inolako arazorik gabe sartzeko ate automatikoak jarriko ditugu horretarako" adierazi du Edurne Muxika, BAZeko arduradunak.
Bestalde, konfidentzialtasuna eta erosotasuna indartu nahi dituzte. Horretarako, itxaron gela eta tramitazio eremua kristalezko hormen bidez bereiziko dituzte, elkarrizketen pribatutasuna bermatzeko. "Konfidentzialtasuna bermatu nahi izan dugu, eta horretarako kristal batekin bereiziko ditugu espazioak, eta zain daudenek ezingo dute entzun hori bideratzen ari den pertsonaren elkarrizketan esaten dena". Gainera, behar berezietarako arreta gela pribatu bat ere prestatuko dute.
Aldaketa nabarmenetako bat arreta emateko moduan izango da, "orain arte zutik eta bi mahaitan ematen zen arreta guztiz aldatuko da". Aurrerantzean, tramiteak eserita egingo dira eta herritarrek pantaila baten bidez ikusi ahal izango dute langileak une bakoitzean egiten duen izapidea, "arreta pertsonalizatuagoa eta lasaiagoa izango da, eta langileek denbora gehiago pasatuko dute herritarrarekin", azaldu du Urteagak.
Auto-tramitazio gela
Modernizazio teknologikoa proiektuaren ardatzetako bat da. Sarreran auto-tramitazio gela berria jarriko dute, hiru makinarekin. Horien bidez errolda agiriak eskatu, ordainketak egin eta bestelako tramiteak egin ahal izango dira.
Edurne Muxika BAZeko arduradunak azaldu du, espazio hori ordutegi zabalagoan egongo dela erabilgarri, "zerbitzua itxita dagoenean, sarrerako gela zabalik egongo da, herritarrek tramiteak egin ahal izan ditzaten".
Jasangarritasun handiagoa
Energia kontsumoa murriztea ere bada berrikuntzaren helburuetako bat. Horretarako, leihoen isolamendua hobetuko dute eta berokuntza sistema berrituko dute. Muxikaren hitzetan, "jasangarriagoak izatea nahi izan dugu, gutxiago kontsumitzea; horretarako leihoak berriztuko dira eta berokuntza sistema ere hobetu egingo da".
Jarduera bikoiztu egin da 20 urtean
Udalak emandako datuen arabera, BAZen jarduera nabarmen handitu da azken bi hamarkadetan. 2006an, zerbitzua martxan jarri zenean, 7.000 erregistro inguru tramitatu ziren; 2025ean, berriz, ia bikoiztu egin da kopurua eta 14.000 sarrerara iritsi dira.
Hazkundea ez da soilik kuantitatiboa izan. Gaur egun, Arrasateko Udaleko tramiteez gain, Estatuko beste administrazio batzuetarako sarrerak ere erregistratzen dira BAZen bidez, eta izapide elektronikoek gero eta pisu handiagoa dute. "Aldaketa handia egon da, paperetik elektronikora pasatu gara, eta beharrezkoa izan da horretara egokitzea", nabarmendu du Muxikak.
Behin-behineko BAZ Herriko Plazan
Obrek iraungo duten bitartean, BAZ zerbitzua behin-behinean Herriko Plazara aldatu zuten duela aste batzuk. Zerbitzuak egungo ordutegi bera mantenduko du: astelehenetik egubakoitzera 07:30etik 15:00etara izango da zabalik —eguenetan 18:30era arte— eta zapatuetan 09:00etatik 13:00etara.
