HEMEN DEBAGOIENA

Mohamed Mushtaq: "Burua altxatu eta agurtzeko euskaldunek duten ohiturak poza ematen dit"

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko maiatzaren 27a

Ingeles irakaslea zen sorterrian; 2020a ezkero bizi da Arrasaten, eta "maisu" deitzen diote askok.

Tarragonan, Valentzian eta Burgosen bizi izan da Mohamed Mushtaq (Marwal, Pakistan, 1970) Euskal Herrira etorri aurretik. Lana non, hura han. 2007an iritsi zen Eibarrera eta 2020a ezkero Arrasaten bizi da. Gasteizko eta Legorretako herritarra ere izan da.

Zer moduz bizi zara Arrasaten?

Oso ondo. Gustatzen zait herri hau. Ez da handia, ezta txikia ere; behar ditudan zerbitzu guztiak ditu.

Maisu moduan ezagutzen zaituzte hemen. Zergatik?

Irakaslea, maisua, nintzelako nire sorterrian. 

Zenbat hizkuntza dakizkizu?

Hiruzpalau. Gustatzen zaizkit hizkuntzak, eta esango nuke badudala erraztasuna ikasteko. Euskararekin ere hor nabil, ikasten poliki-poliki. Hitz eta esaldi asko badakizkit dagoeneko, nahiz eta hitz egiten jakin ez oraindik. 

Non ikasi duzu euskara?

Kalean, jendearekin. Margolaria naiz, jendearekin egoten naiz. Arrasaten fruta-denda batean ere egin nuen lana denbora batez, eta han ere bezeroekin, jendearekin, hitz egiten nuenez, eurek erakusten zizkidaten hitzak. Koaderno batean jasotzen nituen ikasitako hitz guztiak.

Noiztik zara margolaria?

Burgosen ere margolari ibili nintzen, adibidez, eta hemen ere horrela nabil. Lanez aldatu beharrean, ikasi dudan horretan gero eta hobea izaten ahalegindu naiz; egun, autonomoa naiz. Eraikinak, gelak... pintatzen ditut. Baserri askotan ere egon izan naiz lanean, eta horrelakoetan beti ikasten ditut hitz gehiago, bertakoek euskaraz hitz egiten dute-eta normalean.

Nolakoa da zure sorterria?

Sialkot hiritik hamabost bat kilometrora dagoen herri txiki bat da Marwal. Punjab eskualdean dago, Pakistan eta India biak hartzen dituen zonan. Horretan badu Euskal Herriaren antza, bi zatitan banatzen da hura ere. Punjabia da gure ama-hizkuntza.

Nolakoa izan zen haurtzaroa?

Ama hil zitzaigun nik 5 urte nituela, eta hori izan zen, duda barik, gogorrena. Gainerakoan, gu nahiko ondo bizi ginen; ez ginen aberatsak, baina ez zitzaigun ezer falta izan, eta ikasketak ere egin nituen. 5 eta 14 urte arteko gaztetxoen ingeles irakaslea izan nintzen hainbat urtez.

"Arrasaten gustura
bizi naiz; nik behar
ditudan zerbitzu
guztiak ditu herri
honek"

Zergatik erabaki zenuen herria uztea?

Seme-alabendako etorkizun hobea nahi nuelako. Hirugarren munduko herrialde gehienetan ustelkeria handia dago, ezegonkortasuna handia da. Eta nik hori baino hobea den etorkizun bat eman nahi nien etxekoei. 

Euskal Herrian bizi dira zure etxekoak ere?

Ez. Bisatuarekin etorri nintzen eta hemen lana aurkitu, paperak egiteko tramitazioa hasi eta lortu bitartean –2007an lortu nituen–; urteak pasa dira, seme-alabak nagusitzen joan dira. Orduan nerabeak ziren, ikasten ari ziren han, eta hona ekarriz gero beste bideren bat hartuko ote zuten beldur nintzen. Hortaz, erabaki genuen nik hemen eta emazteak eta seme-alabek han jarraitzea. Egun, zaharrena ingeniari mekanikoa da eta Saudi Arabian egiten du lan; bigarrenak Kimikako masterra du eginda; eta hirugarrenak maiatzean bukatuko ditu Medikuntza ikasketak. Gazteenak 17 urte ditu eta ikasten ari da.

Zenbatean behin joaten zara haiek ikustera?

Lehen, gutxiago, baina orain, urtero. Hilabete pasa inguru egiten dut eurekin joaten naizenean.

Zer eramaten diezu hemendik?

Gozokiak eta txokolatea. Egia da han hemen baino merkeago eros ditzakedala, baina Pakistanen oraindik familiak pisu handia du, denok batera bizi gara etxe askotan: aitona-amonak, gurasoak, seme-alabak, ilobak... Ni joateko eta ikusteko zain egoten dira, eta sekulako poza eragiten die nork bere izena duen paketetxoa zabaltzeak. Umeen begietan ikusten dudan ilusioak asko betetzen nau.

Sentitu zara inoiz baztertua?

Nahiko baikorra naiz eta horrelakoetan pazientzia handiagoa izaten saiatzen naiz. Batzuetan gertatzen da ezjakintasunak ez diela ikusten eta ulertzen uzten.

Nolakoak dira euskaldunak?

Gehienak, oso itxiak hasieran. Baina ezagutzen zaituztenean, oso irekiak.

Zer gustatzen zaizu gehien haiengandik?

Ez ezagutu arren burua altxatu eta nolabaiteko agurra egiteko ohitura dute, eta hori asko eskertzen dut. Ohitura horrek poza ematen dit. Italian, esaterako, autobus-geltoki batean, inork ez dizu kasurik egiten. Heziketa hobea dute hemengoek.

Herritarrak, euskara irakasle

"Maisu, zenbat da?", fruta-dendako bezeroaren galdera. "Bi euro eta bost zentimo", saltzailearen erantzuna. Horrela gerturatu zen Mohamed Mushtaq euskarara; Arrasaten lanean ibili zen, lagun batzuen frutategi batean. "Hasierako hilabeteetan ez nuen zipitzik ere ulertzen, zaila egiten zitzaidan euskaraz egitea. Baina, poliki-poliki, bezeroekin batera, ikasten joan nintzen. Hitzak eta egun on moduko esaldi laburrak koaderno batean idazteko eskatzen nien, eta etxean errepasatu egiten nituen. Hitz egitea bakarrik ez, galdetzea ere asko gustatzen zait, gauza bat nola esaten den jakiteko, adibidez. Gazteleraz, ingelesez eta euskaraz, hiru hizkuntzak erabilita komunikatu izan naiz askotan".

Margolaria da Mohamed Mushtaq eta euskara ikasten jarraitzen du, herritarrek lagunduta. "Adibidez, duela gutxi, 'gaur nahikoa' esan nion bezero bati, eta 'gaurkoz nahikoa' esanaz zuzendu zidan hark. Ikasten jarraitzen dut. Memoria ona dut, bai jendea ezagutzeko bai hitzak gordetzeko, eta dagoeneko ez zait ahaztuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak