ALBISTEAK

Azoka eta elkarretaratzea Arrasaten Aniztasunaren Eguna dela eta

Txomin Madina Milikua 2026ko maiatzaren 21a

Aniztasunaren Nazioarteko Eguna da gaur eta Arrasaten egiten ari diren Aniztasunaren Hilabetearen barruan hainbat ekintza izan dituzte herriko hainbat talde eta elkarteren parte hartzearekin. 

Maiatzaren 21 da gaur, Aniztasunaren Nazioarteko Eguna, eta horrek izan du isla goiz-eguerdi partean Arrasateko Herriko Plazan. Izan ere, Aniztasunaren Hilabetearen barruan azoka egin dute bertan Arrasateko aniztasun mahaia osatzen duten askotariko elkarteen parte hartzearekin.

Elkarteek eurek, hainbat modutan helarazi diete herritarrei euren errealitatea eta egiten dutena: Aspacekoak saskigintzan aritu dira; IMME, emakume musulmanak euskal gizartean integratzeko elkarteak munduko hainbat txikotako jatekoak eskaini ditu, besteak beste; Retina Gipuzkoa Begisareko kideek ikusmenarekin egon daitezkeen arazo ezberdinak esperimentatzeko aparatuak jarri dituzte eskuragarri...

"Azoka honen helburuetako zen erakustea  aniztasuna dagoela bai norbanakoetan eta baita egiteko moduetan ere. Horregatik,  aniztasunaren mahaian parte hartzen duten hainbat eta hainbat elkarte daude hemen, aniztasuna, bere zentzu zabalenean, ikusgarri egin gura dutenak", azaldu du Arrasateko Udaleko Bizikidetza saileko zinegotzi Jasone Giraldok.

Elkarretaratzea ere bai

Azokaz gain, elkarretaratzea ere egin dute gaur herriko plazan eta manifestu bat ere irakurri dute. Besteak beste, Arrasaten bizi diren pertsona guztiak baldintzarik gabe erroldatzea; guztiendako etxebizitza duin eta eskuragarriak; eta matxismo, arrazismo eta bazterkeriarik gabeko gizartea eskatu dute.

Era berean, Amerika elkarteak antolatuta herriko ikastetxeen parte-hartzearekin hirugarren urtez egin duten Mugarik Gabe lehiaketaren lanen aurkzpenea eta sari banaketa ere egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak