ALBISTEAK

Oso mugatuta badaude ere, martxan daude Bizum Pay bidezko ordainketak

Ibai Irasuegi Garai 2026ko maiatzaren 21a

Debagoiendar askorentzat ohiko tresna bilakatu da Bizum sistema. Gaur arte bi pertsonaren arteko transakzioak egiteko erabili izan den ordainketa-sistemak merkataritzara egin zuen salto astelehenean, Bizum Pay berriaren bitartez. Sistema bera martxan dagoen arren, oraindik modu oso mugatuan erabil daiteke, eta, gaur-gaurkoz, ez du herritarrengan eragin handirik izango.

Bizum, jatorriz, berehalako ordainketa-sistema bat da, partikularren artean zuzenean dirua bidaltzeko aukera ematen duena. "Ohiko Bizumen pertsonen arteko diru-bidalketak egiten ditugu; horretarako, nork bere telefono-zenbakia erregistratzen du, eta hori norberaren izenean dagoen kontu batekin lotzen da. Ondoren, dirua telefono-zenbakia erabiliz bidaltzen da, baina, berez, bi erabiltzaileen bankuko kontuen arteko transferentzia egiten da", dio Interneteko proiektuen garapenean diharduen CodeSyntax enpresako Mikel Larreategik.

Bizum Pay berriak, berriz, ohiko txartel sistemaren antza izango duela uste du: "Bizum Payrekin, dirudienez, dendetan ordaintzeko sistema gaur egungo txartel bidezko ordainketaren antzekoa izango da. Guk ez dugu dendaren telefono-zenbakia agendan sartu beharko eta ondoren lagunei egiten diegun bezalako bidalketa bat egin".

Ordainketa horiek egiteko, telefono mugikorrean aplikazio bat instalatu beharko da. "Telefonoan instalatuko dugun aplikazio baten bidez funtzionatuko duela dirudi, eta, beraz, orain arte bezala ordaintzen jarraituko dugu: telefonoa datafonora hurbildu, eta kito. Berriz ere oinarrira goaz: kontuen arteko transferentziak egingo dira, bitartekoa aldatuz. Pertsonen artean telefono-zenbakiaren bidez egiten dira transferentziok; eroslearen eta dendariaren artean, berriz, telefonoko aplikazioaren bidez", gaineratu du.

Momentuz, erabilera mugatua

Esan bezala, astelehenean jarri zen martxan Bizum Pay bidezko ordainketa, baina zaila izango da inor aplikazio berriaren bidez ordaintzen ikustea. Ustez, La Caixak, Bankinterrek eta BBVAk soilik jarri dute martxan, eta publiko orokorrak ez du aplikazioa eskuratzeko aukerarik izango ekainaren 1era arte. Astelehenean sistema berria ezartzeko egokitzapenak egiten hasi ziren zenbait banketxek egun horretatik aurrera jarriko dute martxan; esaterako, Sabadellek.

Laboral Kutxa eta Kutxabank banketxeek ez dute iragarri noiz egingo duten bat horrekin

Debagoienean orokortuenak diren Laboral Kutxa eta Kutxabank banketxeek ez dute jakinarazi noiz egingo duten bat sistema berriarekin. Horrez gain, merkatariek datafonoak eguneratu egin beharko dituzte, eta eguneraketa hori egin duten negozioen kopurua oso murriztua dela uste dute adituek.

 

Aldaketa handirik ez

Zenbait hedabidek sistema berriak aldaketa handiak ekarriko dituela nabarmendu duten arren, Larreategiren ustez erabiltzaileek ez dute aldaketa handirik nabarituko: "Badirudi hasieran, behintzat, erabiltzailearentzat ez dela alde nabarmenik egongo". Bizum Payk, izatekotan, txartelen erabileraren jaitsieran eragingo duela uste du: "Etorkizunean zer gertatuko den ez dakigu, baina, agian, Visa eta Mastercard txartelen erabilera jaisteko aukera egon daiteke ordainketak Bizum Pay zerbitzuaren bidez eginez gero".

Merkatariek ere ez dute aparteko aldaketarik espero. "Komertzio txikientzat ez da ezberdintasunik egongo; azkenean, datafono bidez kobratu behar da. Komisioa Visak edo Mastercardek eraman beharrean Bizumek eramango du; hau da, Estatuko banketxeek", dio Ibai-arteko kide Jon Apraizek.

Apraizek dioenez, komisioak txikiagoak izango direla aipatu den arren ez du uste epe luzera horrela izango denik: "Hasiera batean, komisioak baxuagoak izatea espero dugu, promozioa egiteko, baina ez dugu uste merkatarientzat hobari errealik ekarriko duenik". "Orain dela 10 urte Visa eta Mastercardeko komisioak oso handiak ziren, egun American Express bezala, baina orain, banketxearekin duzun harremanaren arabera %0,4 eta %0,8 arteko komisioa izan dezakezu. Horrenbestez, komisioak hori baino gehiago jaisteak ez du eragin handirik. Komisioak %0,3ra jaistea bada dirua, baina merkataritza-etxeentzat ez du garrantzi handirik", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak