Aste Kulturala inoiz baino aberatsagoa izango da aurten Al-Andalus elkartean

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko maiatzaren 21a

Atzo, eguaztena, Erretiratuen Eguna egin zuten.

Atzo, eguaztena, abiatu zuten Aste Kulturala Al-Andalus elkartean, Musakolan. "Azken hilabeteetako prestakuntza guztien emaitza izango da Aste Kulturala. Atzo Erretiratuen Eguna egin genuen, 65 urtetik gorakoentzako luntxarekin, eta 30 bat pertsona elkartu ginen", azaldu du Salva Delgadok, elkarteko presidenteak.

Atzo motorrak berotu ostean, domekara arte etenik ez dela egongo azaldu du Delgadok. Gaur, esaterako, Andaluziako gozoak dastatu ostean, argazki zaharren erakusketa egingo dute. "Bazkideen argazkiak dira, azken batean. Txirrindularitza eta futbol taldeak zeudenekoa, lehengo dantza taldeen argazkiak eta abar. 34 urteko historia du elkarteak eta argazki zaharrak ikusteak beti du arrakasta. Are gehiago, malko batzuk ere ikusten dira. Izan ere, dagoeneko batzuk ez daude gurekin eta emozio asko pilatzen dira halakoetan", adierazi du Delgadok.

Lehen antzezlana, domekan

Aurtengo berrikuntza nagusia da bi antzezlan egongo direla. "Horrez gain, normalean afari nagusi bat egin izan dugu eta aurten bazkaria izango da, zapatuan, bazkide direnentzat zein ez direnentzat. Hori dela eta, normalean zapatuan egin ohi dugun parrillada domekara pasako dugu", dio presidenteak.

Antzezlanei dagokienez, Arrasateko Iratxoak Antzerki Taldeak En el aire emanaldia egingo du domekan. "Lau emakume gaueko irrati programa batean ari dira, haien egunerokoaz, umorea ardatz hartuta", laburbildu du.

Bestalde, maiatzaren 30ean, Sara Manzano bergararrak zuzendu eta antzezten duen Lo de Federico antzezlana egongo da elkartean. "Federico Garcia Lorcak 1928ko abenduaren 13an Espainiako sehaska-kantuei buruz egin zuen hitzaldia du oinarri antzezlanak". 

Musika eta dantza protagonista

Asteburuan musika eta dantza izango dira protagonista, janari herrikoiarekin batera. Bihar, esaterako, barraskiloak dastatuko dituzte eta horren ostean, kontzertuak izango dira. 

Zapatuan, egun polita izango da dantzari batzuentzat, bereziki, Delgadok azpimarratu duenez. "Elkartearen hasierako urteetan, Sueños de Andalucia izeneko dantza talde bat sortu zuten, eta orduko hartan 13-14 urte zituzten nerabeak aritzen ziren dantzan. Gaur egun, amak dira gehienak eta entseatzen aritu dira emanaldia egiteko".

Domekako parrilladari dagokionez, unean bertan hartu beharko da tiketa. "Tradizio polita sortu dugu parrilladaren bueltan, eta arrakastatsua izan ohi da, jende asko biltzen da. Txorizoa eta txuleta izango dira plater nagusiak".

Herritarrei deialdia

Herritar guztiei dei egin die Delgadok ekintzetan parte hartzeko. "Esango nuke azken urteetako egitarau zabalena osatu dugula, dantza eta musika emanaldiez gain, antzezlanak ere izango ditugulako. Gainera, ateak zabalik ditugu herritar guztiendako". 

Asteburuan, denetariko ekintzak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak