Euskal Herri osoan 65 mintzodromo antolatu ditu AEK-k maiatzaren 21erako, eta Debagoienekoa Arrasaten egingo dute. Arratsaldeko seietan Herriko Plazan elkartzeko deialdia egin dute, Euskal Herrian euskara gehien hitz egitea nahi den egunean nork bere alea jar dezan.
Bi gai nagusi izango dira hizpide: alde batetik, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa; eta, bestetik, bailaran euskara ikasten ari direnek hizkuntza erabiltzeko egunerokotasunean dituzten aukerak. Askotariko iritziak jaso nahi dituzte: euskaraz ikasten ari direnen, euskara jakin arren erabiltzen ez dutenen, euskaraz bizi direnen eta euskararen bueltan jarduten duten eragileena.
Nola eman izena
Izena emateko hainbat modu jarri dituzte herritarren eskura. Biderik errazena kalean jarritako karteletako QRa eskaneatzea da; Korrika.eus webgunean ere, 12. eguna-ren baitan badago aukera. Euskaltegira joanda edo telefonoz deituta ere mintzodromora batzeko aukera dago. Izena emateko eskaera egin du AEK-k, kontabilizatzeko errazagoa izan dadin; hala ere, norbanakoren bat azken momentuan animatzen bada, argi diote ez dela arazorik egongo.