Julio Galartaren ehun koadro Kulturateko klaustroan ikusgai, ostiraletik aurrera

Hasier Larrea 2026ko maiatzaren 12a

Andoni Arratibel Kultura zinegotzia, Alvaro Arregi eta Maider Morras alkatea.

Julio Galarta Margolariaren Lagunak elkarteak eta Arrasateko Udalak erakusketa berri bat irekiko dute ostiral arratsaldean, Artistaren begirada izenarekin. XX. mendean zehar ehunka koadro margotu zituen arrasatearrak, eta lagin bat erakutsiko dute, gehien bat herriko paisaiak ekarriz erdigunera. 

Erakusketaren aurkezpenean Alvaro Arregik hartu du hitza, Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkarteko kideak. Jabetzan zeuzkaten "600 koadro inguru" eman dizkiote dohaintzan Arrasateko Udalari, eta aukeraketa bat egin dute, herritarrei erakusteko zenbat lan eta zer-nolakoak egin zituen Julio Galartak. Paisaiak egiteagatik nabarmendu zen, baina bodegoiak eta erretratuak ere egin zituen, bisitariak ostiral arratsaldetik ekainaren 20ra arte Kulturateko klaustroan frogatu ahal izango duen bezala. 

Artista emankor eta esanguratsua izan zen Galarta, eta, aldi berean, apala. Maider Morras alkateak azpimarratu du udaletxearen sarreran dauden koadro handi horiek, auzoak islatzen direnak, Galartak margotutakoak direla: "Bere koadroen bitartez, Arrasate nolakoa zen ikus daiteke, kaleak, auzoak eta baserriak. Desagertu, aldatu edo berdin-berdin mantendu direnak. Horregatik, oso inportantea izan da elkarteak egin duen bilketa eta inbentario lana, eta orain ondare guztia Arrasateko herriari oparitu izana, Udalak zaindu dezan. Dohaintza honekin, margolariaren nahirik handiena betetzen da; bere legatu artistikoa Arrasateko herriarena izatea, etorkizuneko belaunaldiek haren obra ezagutu eta gozatu dezaten.". 

Jasotako funtsa Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkarteak margolaria hil zen urtetik –2011– hona egindako lan eskergaren emaitza da. Elkarteak artistaren 1.800 dokumentu baino gehiago inbentariatu eta katalogatu ditu urte hauetan guztietan. Gainera, orain onartutako dohaintzak, artistaren familiak emandako lanez gain, Begoña Enparantza eta Ana Rosa Bidabururen oinordekoen obrak ere barne hartzen ditu.

Galartari buruz

Julio Galarta (1917-2011) Zizurkilen jaio bazen ere, bi urterekin Arrasatera bizitzera etorri eta bertan garatu zuen bere bizitza eta artea. Bartzelonako Tarregas Pintura Akademian eta San Jorge Arte Ederretako Goi Eskolan trebatu ondoren, bere estiloa mundu osora zabaldu zuen, betiere bere inguruko paisaiak (Debagoiena, Aramaio eta Arrasate) ahaztu gabe.

Erakusketak Galartaren "kolorearekiko grina"nabarmentzen du, hori baitzen bere artearen ezaugarririk esanguratsuena. Artistak bere garaian esan zuen moduan, "marrazketari lehentasuna" ematen zion, "eta gero koloreen harmoniari". Aipatzen zuenez, Euskal Herriko argia "iragankorra da, iheskorra, beraz, gogor lan egin behar da kolore efektuak lortzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak