ALBISTEAK

Debagoiena Ehuntzen egitasmoak bakardadeari aurre egiteko dekalogoa aurkeztu du

Ibai Irasuegi Garai 2026ko maiatzaren 5a

Gaur goizean izan da aurkezpen ekitaldia Debagoieneko Mankomunitatearen egoitzan, Arrasaten, eta bertan parte hartu dute Elgetako, Antzuolako, Bergarako, Oñatiko, Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Arrasateko ongizate zinegotziek. Ekitaldia baliatu dute proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. 

Debagoiena Ehuntzen egitasmoak bakardadeari aurre egiteko Bakardadearen korapiloa askatu izeneko dekalogoa aurkeztu du. Hariak Estrategiaren 1. Ekintza Planaren barruan kokatzen da proiektua, eta bakardadeari aurre egiteko ekosistema bat eraikitzea du helburu, hain zuzen, eragileen koordinazioa ahalbidetzeko. Hori horrela, hamar gakok osatutako dekalogo bat egin dute.

Zihortza Marzanek, Bergarako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, adierazi duenez, "harreman osasuntsuak" mantentzeko, sortzeko eta sendotzeko helburuarekin sortu dute dekalogoa. "Norberak bakardadeari aurre egiteko eta besteen bakardadea arintzen laguntzeko gomendio sorta baten bitartez".

Debagoiendar guztientzako

Behin dekalogoa aurkeztuta, bailara gutiko herritarrei banatzea izango da egitasmoaren hurrengo pausua. Arrasateko Udaleko Ongizate zinegotzi den Jasone Giraldok azaldu duenez, datozen asteetan egingo da banaketa, eta bakoitza euskaraz zein gaztelaniaz irakurri ahalko da "debagoiendar guztien" eskura egoteko: "Uste dugu oso modu adierazgarrian eta bisualean eginda dagoela, eta zuzenak eta argiak direla jasotzen diren hamar gakoak".

Lehen fasea, itxita

Dekalogoaren bitartez itxiera eman diote Debagoiena Ehuntzen proiektuaren lehen faseari. Fase horretan diagnostiko bat osatu dute gaiaren inguruko informazioa jasotzeko. Hala, behin bakardadea "existitzen dela" ikusita, "kolektibo bezala", arazoari erantzuna emateko aukera badagoela azpimarratu du Giraldok, baita ere orain arte horri aurre egiteko bide-orri bat sortu dutela etorkizunerako sare bat ehuntzen hasteko: "Onartu dugu bakardadea existitzen dela, eta onartzen dugu komunitatetik eta kolektibo bezala badugula aukera horri erantzuna emateko. Hortaz, bide-orri horretan irudikatzen duguna da ekintzekin jardutea: esku-hartze zuzena izatea eta denon artean bakardade horri erantzunak ematen saiatzea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak