Gipuzkoako Diputatu nagusi Eider Mendoza, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peña eta Arrasateko alkate Maider Morras Arrasteko Iturbide egoitzan izan dira bisitan gaur goizean, bertako lehen solairuan egindako eraberritze lanen emaitzak bertatik bertara ezagutzeko.
Egindako egokitzapenek 1.204.907,74 euroko inbertsioa eskatu dute eta horrekin hogei egoiliar hartzen dituzten hemeretzi logela egin dituzte: hemezortzi bakarkakoak eta bikoitza, denak ere komun pribatuarekin. Horretaz gain, jangela bat, terrazara irteera duten bi egongela eta bi komun orokor ere egin dituzte, besteak beste.
Iazko urritik dago martxan lehen solairu eraberritua, eta bertan bizi direnen iritzia jasotzeko balio izan die gaurko bisitak erakundeetako ordezkariei. "Ikusi dugu, bertako egoiliarrek horrela esan digutelako, oso ondo daudela, oso ondo sentitzen direla, oso arreta ona jasotzen dutela eta oso ondo jaten dutela. Guri, erakunde bezala, guztion ahalegin kolektibo baten ondorio bezala gure adinekoak ondo zainduta daudela ikusteak poz handia ematen digu", azaldu du Eider Mendozak.
Maider Morras alkateak, bestalde, egindako eraberritzearen ekarpena azpimarratu du: "Ez bakarrik kuantitatiboki, baita kualitatiboki ere. Izan ere, egoitzari askoz logela handiagoak ekarri dizkio, egoteko askoz ere modu duinagoa. Eta etorkizunera begirako zaintza eredu berriari begirako bidea ere markatu du. Oso pozik gaude eta eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen".
Zaintza eredu berria
Izan ere, pertsonalizazioan oinarritutako arreta printzipioak jarraitzeko lurraldean bultzatzen ari diren zaintza ereduaren eraldaketa prozesuaren barruan kokatu ditu Gipuzkoako diputatu nagusiak Arrasaten egindako lanak: "Zaintzari dagokionez trantsizio bat burutzen ari gara pertsonalizazioan, komunitatearekin loturan eta baita berrikuntzan ere. Horiek egiten ari gara martxan dauden egoitzetan: 65 egoitza daude Gipuzkoan; 46tan trantsizio hori egiten ari dira. Batzuetan, zerbitzuaren ikuspegitik ari dira egiten; beste batzuetan, baliabideen ikuspegitik; eta beste batzuetan, eta Arrasatekoa da horren adibidea, egokitzapen lanak edota lanaren antolaketaren aldaketa bat eginaz".
Eider Mendozak gaineratu du azkenaldian egin diren eta egiten ari diren Gipuzkoak egoitza berriak hasieratik egin direla zaintza eredu berria aintzat hartuta.