Mondrate 2.B mailakoa da... eta zoramena Bilbon

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 3a

Duela aste batzuetatik esku-eskura zuen igoera lortu berri du Mondratek, Otxartabe (2-7) etxetik kanpo garaituta, Bilbon. Garaipen historikoa da Arrasateko klubarentzat, eta datorren urtean, estreinakoz, 2.B mailan jokatuko dute. 

Partiduaren aurretik ere igoera usaina zuen norgehiagoka zen Mondrate eta Otxartabe "B" taldeek, sailkapeneko lehenak eta azkenak jokatutakoa, hain zuzen. Hala ere, ligako azken txanpan, horrelako partiduak irabaztea zailagoa izan ohi da, are gehiago, aurkaria puntuen behar gorrian dagoenean; eta horrela izan da.

Dena den, ondo kantxaratu da Mondrate, Iker Uribesalgok eta Iñaki Rivasek 0-2 jarri baitute taldea lehen 10 minutuetan. Arrasatearrek idatzitako gidoia beste behin ere bete behar zela zirudien, baina etxekoen minuturik onenak iritsi dira jarraian. Minutu batean, norgehiagoka berdintzea lortu dute; binako berdinketarekin joan dira aldageletara. Aldageletatik bueltan, ordea, Otxartabek ezin izan du Mondrateren erritmoa jarraitu: Jokin Rayok hirugarrena sartu du 25. minutuan, eta handik segundo gutxitara, Otxartabeko jokalari batek bere atean sartu du gola. 

Gol horien ostean bai, Mondratek bere jokoa egin du eta Eros Chinarroren Hat-Trick eder batekin, azken urteetan amestutako igoera gauzatzea lortu dute. Iaz, kopako sailkapenarekin, eta aurten, 2.B mailako igoerarekin, historia idazten jarraitzen du Mondratek. 

Mondratekoen talde argazkia, Bilbon igoera lortu berritan. Argazkia: Iker Uribesalgo.

Zoramena Bilbon 

Zale ugari joan dira gaurkoan Arrasatetik Bilbora, Mondrateren igoera bertatik bertara ikusteko. Normala den bezala, igoera materializatu denean, ospakizunak iritsi dira. "Intentsitate handiko partidua izan da. Bigarren zatian, akats batzuk zuzendu ditugu eta hobeto zelairatu gara. Jende mordoa etorri da gu ikustera eta sekulakoa izan da, 2.B mailan jokatuko dugu datorren urtean", adierazi du Iker Uribesalgo kapitainak.

Portada nagusiko Bideoa: Aitziber Soriano

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak