ALBISTEAK

Fronte Polisarioko ordezkari berriak Arizmendi Ikastolako 'Birziklanet' proiektua ezagutu du

Olaia Milikua 2026ko apirilaren 29a

Mujtar Lebohi, Euskadiko Fronte Polisarioko ordezkari berria Arizmendi Ikastolan izan da, Mujtar Saleh Salehekin (Saharaldeba elkarteko ordezkaria) batera, Birziklanet proiektua gertutik ezagutzeko. Egitasmoaren egungo egoera aztertu eta etorkizuneko erronkak izan dituzte hizpide, bereziki logistika eta hezkuntza-ereduaren garapena.

Arrasateko Ferixalekua guneak bisita instituzional garrantzitsua jaso du gaur goizean. Bisitari hasiera emateko, Arizmendi Ikastolako zuzendari nagusiek, Mireia Muruamendiarazek eta Illart Azkaratek, harrera ofiziala egin diote ordezkariari. Topaketa honetan proiektuaren sustatzaile nagusiak ere izan dira: Gaizka Eraña (Birziklanet proiektuko arduraduna) eta Beñat Irazabal (Lanbide Heziketako zuzendaria). Harreraren ostean, lan-bilera bat burutu dute proiektuaren egoera eta etorkizuneko erronkak aztertzeko. Jarraian, Birziklanet proiektua gauzatzen den instalazioak bisitatu dituzte,  proiektua gauzatzen den gela eta biltegia.

'Birziklanet' proiektua

Birziklanet proiektuaren bidez, material informatiboa dohaintzan ematen du Arizmendi Ikastolak; baztertutako material informatiboa jaso eta materiala berreskuratu eta prestatu ondoren. Prozesu guztia bi ikasle praktikarik gauzatzen dute. Dagoeneko, Brasilera, Saharara, Senegalera eta Ghanara hainbat material bideratu dituzte. "Joan den ikasturtean, esaterako, 152 unitate bidali ziren Saharara, eta asmoa da bidalketa horiekin jarraitzea eskolen digitalizazioan lanean jarraitzeko". 

Baina, material informatiboa eskaintzeaz gain, mugarri garrantzitsu bat lortu da ekimen honi esker: informatika irakasgaia Lehen Hezkuntzan txertatzea. Gaur egun, prozesu hori sendotzeko, irakasleak formazio espezifikoa jasotzen ari dira tresna horiek ikasgeletan erabili ahal izateko. Izan ere, Saharako eskoletako irakasle askok ez zuten ordenagailuak erabiltzeko aurrezagutzarik. Mujtar Saleh Salehek paper garrantzitsua izan du honetan: aurten bi bidaia egin ditu kanpamenduetara gailuak eramateko eta, batez ere, irakasleei formakuntza saioetan esku bat botatzeko.

Aurkezpena Kulturaten

Proiektuaren xehetasun guztiak eta Saharan bizitako esperientzia herritarrekin partekatzeko, Arizmendi Ikastolak hitzordu ireki bat antolatu du: maiatzaren 12an, martitzena, 18:00etan Birziklanet Sahara, bidai baten kontakizuna hitzaldia izango da Arrasateko Kulturateko areto nagusian. Ekitaldian, proiektuak hezkuntzan eta elkartasunean ireki dituen bideak xehatuko dira, eta herritarrek gertutik ezagutu ahal izango dute Arzimendiko ikasleen lanak Saharan duen eragin erreala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak