Udaberriarekin batera, badator Udaberriko Musikaldia Arrasatera. 22. aldia du, eta maiatzaren 6tik 31ra sei hitzorduk osatuko dute aurtengo egitaraua. Azken urteetako dinamikari jarraituz, tokiko zein nazioarteko musikariak gonbidatu dituzte, eta "mota eta estilo askotariko ekitaldiak" izango direla adierazi dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, maiatzaren 6an, 9an, 17an, 23an, 24an eta 31n egingo dira emanaldiak, eta arratsaldeko zazpi eta erdietan hasiko dira guztiak.
Bi espazio berri
Kontzertuen guneei dagokienez, aurtengo edizioan Bedoñako Santa Eulalia eta San Juan Bataiatzailea parrokietan emanaldiak egingo dira maiatzaren 17an eta 24an. "Aurtengo edizioko bi berritasunak izango dira. Batetik, San Juan Bataiatzailea parrokian kontzertuak ematera bueltatuko gara urte batzuen ondoren. Eta, bestetik, ekitaldia Arrasateko auzoetara eta landa-eremuetara zabaldu nahi izan dugu, eta, horretarako, kontzertu bat antolatu dugu Bedoña auzoan", azaldu du Andoni Arratibelek, Arrasateko Udaleko Kultura zinegotziak. Bi gune horiez gain, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean eta Amaia Udal Antzokian ere egingo dira, eta sarrera guztiak doakoak izango dira.
Eskaintza zabala
Vlad Campean biolontxelo jotzaile errumaniarrak eta Vasco Dantas piano jotzaile portugaldarrak emango diote hasiera 22. Udaberriko Musikaldiari. Maiatzaren 6an izango da kontzertua, JAMEko auditoriumean. Egitarauari jarraipena emango dio harrobiak, eta, urtero bezala, Arrasate Musikaleko Orkestra Sinfonikoak eta Goikobalu abesbatzak kontzertua egingo dute maiatzaren 9an. Aurten lekuz aldatu dute hitzordua, San Frantzisko elizatik Amaia antzokira. Edukiera dela eta, sarrerak doakoak izango dira, baina Internet bidez eskuratu beharko dira kontzertua ikusteko gonbidapenak.
Ipar Euskal Herriko bi emanaldi izango dira ondoren. Izan ere, maiatzaren 17an Kalakan taldeak kontzertua emango du, Berçaits anaiekin batera, Bedoñako Santa Eulalia parrokian. Eta maiatzaren 23an, Habia musika taldeak martxoan argitaratutako Omen disko berria aurkezteko kontzertua egingo du JAMEko auditoriumean.
Oñatiko Ganbara, bueltan
Zortzi urteren ondoren, Oñatiko Ganbara abesbatzak Udaberriko Musikaldian kontzertua emango du maiatzaren 24an. Vox Arcana: ahots misteriotsua izena du emanaldiak, eta San Juan Bataiatzailearen parrokian izango da. Hain zuzen, Ganbara abesbatza Udaberriko Musikaldian izandako azken aldiz jotako kontzertuan bezala.
Azkenik, maiatzaren 31n, Natalia Sanchez txirula joleak, Claudia Besne harpa joleak eta Carmen Santamaria pianistak osatzen duten Susurros Sinfonicos taldeak kontzertua emango du JAMEko auditoriumean, eta amaiera jarriko dio aurtengo egitasmoari.