Arrasateko Udalak eta SOS Arrazakeriak elkarlanean, atzerritartasunari buruzko informazio eta aholkularitza egin zuten astelehenean Kulturaten. Ekimen honen helburu nagusia gai konplexu honen inguruko informazio fidagarria guztion eskura jartzea izan zen, bereziki ezohiko erregularizazio prozesuetan ardaztuta.
Astelehenean emandako azalpenen jarraipen gisa, datozen asteetan taldeko saio
praktikoak egingo dira aholkularitza juridikoa zehaztasun handiagoz eskaintzeko. Saio
hauek hiru taldetan banatuko dira, parte-hartzaileen egoeraren arabera: asilo eskatzaileak, egoera irregularrean dauden pertsonak, eta egoera irregularrean egon eta familia-loturak dituzten pertsonak.
Saio praktiko horietan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, bi leku hauetan: Ekina Emakumeak elkarteak kudeatutako Harrera Zerbitzuan (943-79 83 70 edo 651 70 79 36) eta SOS Arrazakerian (943-24 56 26).
Bergaran ere bai
Arrasaten moduan, Bergaran ere informazioa zabalduko dute. Udalak herrian boluntario sare bat antolatu nahi du, erregularizazio prozesuan dauden herritarrei informazioa eta orientazioa eskaintzeko. Helburua da boluntarioekin Ehunduz (Mizpildi kalea 1) bulego ordutegi bat osatzea, egoera horretan dauden herritarrek behar duten informazioa izan dezaten.
Non egin daiteke eskaera?
Hego Euskal Herriko 26 posta bulegotan egin ahal izango da eskaera; eta baita hiriburuetako Gizarte Segurantzaren egoitzetan. Debagoienean ez dago tramiteak aurkezteko lekurik.
Baldintzak betetzen dituzten migratzaileei urtebeteko bizileku eta lan baimena emango diete, eta osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea
Sahararrak, prozesutik kanpo
Ministroen Kontseiluak onartutako etorkinen ezohiko erregularizazioak 500.000 pertsona ingururi eragin diezaieke; baina, jatorrizko herrialdearen arabera zailtasun maila desberdina da. Horrekin batera, borondate politiko falta salatu dute saharar jatorriko migratzaileak; izan ere, erregularizazio prozesutik kanpo utzi dituzte. Dekretuak baztertu egiten ditu, argudiatuta apatrideei paperak ematen ez zaizkielako.