7 urtetik 12 urte bete arte Oporrak Bakean programarekin Andaluzian pasatu zituen udak Souad Salah Ghalak (Saharako errefuxiatuen kanpamentuak, 1983). Azken udaren ostean, Kordoban geratu zen, eta 2014an Euskal Herrian geratu zen, "ezustean".
Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Ez geneukan ezer, baina oso zoriontsu ginen. Txankletekin egiten genituen panpinak, sokasaltoan, ezkutaketan... Nire seme-alabak harrituta geratzen dira.
Noiz atera zinen handik?
Lehendabiziko aldiz, 7 urterekin, Oporrak Bakean programarekin. Cadizen egon nintzen familia batekin. Hurrengo urteetan, berriz, Kordobako familia batekin igaro nituen udak. Azken urtean geratu egin nintzen.
Beste mundu bat deskubritu zenuen 7 urterekin?
Lehendabiziko urtean arreta eman zidan hondartzara eta igerilekura joateak. Ur-txorrota ireki eta ura ateratzea, errepideak, ibilgailu pila... Oso mundu ezberdinak ziren.
Ulertzen zenuen zergatik igaro behar zenuen uda Espainian?
Nekien gauza bakarra zen Espainiara nindoala haur talde batekin; ez genekien nora gindoazen, ezta harrera familiak ondo tratatuko gintuen ere. Lehen urtea pasata, uda iritsi zain egoten ginen harrera-familiarekin egoteko. 12 urterekin harrera- familiak galdetu zidan ea Kordoban ikasi nahi nuen. Kanpamentuetan asko ikasi arren, ez dago lanik. Nire gurasoek baietz esan zuten, baina haiek esaten zutenean haiengana itzuliko nintzela.
Ados zeunden erabakiarekin?
Bai, noski. Gainera, nire harrera-familiak kanpamentuetara bidaltzen ninduen, nire sustraiez ez ahazteko; haiek ere joaten ziren. Beti egon naiz harremanetan nire familiarekin eta sustraiekin, eta, horregatik, ohiturak ez ditut galdu.
Nola heldu zinen Arrasatera?
Kanpamentuetara bisitan joan ginen, eta, ezustean, haurdun geratu nintzen, bikiez. Hona itzuli nintzenean, Bermeon bizi den eta urteak ikusteke nengoen neba bisitatzera joan nintzen, egun batzuk igarotzekotan. Martitzen batean iritsi, eta eguenean erditu nintzen, haurrek zazpi hilabete zituztela. Inkubagailutik atera zirenean, pisu bat aurkitu genuen Eibarren. 2016an Arrasaten bizitzeko aukera sortu zitzaigun, eta hemen gaude.
"Saharak egunen batean garaipena lortuko balu, ni ere biziko nintzateke benetako Saharan"
Arrasatetik zerk harritu zintuen?
Jendeak. Oso ondo hartu naute. Ekin Emakumeak nire etxea izan da. Euskara ikastea eskaini didate, eta zerbait egin behar zutenean deitu izan didate. Nire seme-alaben ikaskideen gurasoei eskerrak eman nahi dizkiet; batez ere, alabaren taldeari. Oso jatorrak dira, eta behar dudanean hor daude.
Zer da Arrasaten bizi den sahararra izatea?
Sahararra sentitzen naiz, baina adopzioz euskalduna naiz; oso harro nago.
Ohiturei buruz hitz egin duzu lehen; mantentzen dituzu?
Bai, noski. Gogoan dut harrera-familiako ama oso katolikoa zela. Aste Santuan, egubakoitzean, ez zuten haragirik jaten. Niri txerri jatorriko haragirik ere ez zidan jartzen, ramadana egiten nuen, eta orain ere horrela jarraitzen dut. Ez ditut ohiturak galdu nahi. Kuskusa egiten dut, tea, melfa janzten dut...
Zer jakin beharko genuke saharar herriari buruz?
Jendeak ez dauka saharar herriaren berri. Sahara ez da Marokorena. Ez zait gustatzen marokoarra naizela esatea. Ni sahararra naiz. Sahara Marokok okupatu du. Gazteek ere ez dakite Saharako errefuxiatuen kanpamentuak zer diren. 50 urte baino gehiagoz han bizi diren errefuxiatuak daude. Baliabide eskasak dituzte.
Itzultzea gustatuko litzaizuke?
Bizitzera ez dut uste; sei hilabete edo urtebete pasatzera bai. Semeek askotan galdetzen didate Marokok zergatik ez digun gure lurra ematen gainerakoen moduan bizitzeko. Nik ere gauza bera esaten dut. Saharak egunen batean garaipena lortuko balu, eta haren lurrak izatera itzultzen bada, ni ere biziko nintzateke benetako Saharan, baina kanpamentuetan ez.
Garaipena posible ikusten duzu?
Nire amak beti esaten du esperantza dela azkena galtzen dena, eta hitz horiek berresten ditut. Ea agintari guztiak ohartzen diren ahaztutako herri bat dagoela. 50 urte baino gehiagotik ahaztuta bizi dira, eta askok ez dakite hori.
Euskara eta hasierako uneak
Kordoban bizi zenean ere Euskal Herrira etorria zen Souad Salah Ghala, neba bisitatzera. Euskarak eman zion arreta, eta ikasi zituen kaixo, agur, eskerrik asko eta halako hitzak. Hemen bizitzen geratu zenean, euskara ikasteko erabakia hartu zuen, seme-alabei irakasteko eta haiei etxeko lanekin laguntzeko: "Euskaltegian hasi nintzen, baina oso zaila egiten zitzaidan. Oinarrizko ikastaroa behar nuen, eta Ekin Emakumeak topatu nuen. Ikasi dudana haiei esker dakit: hilabeteak, egunak, agurrak... Pixkanaka".
Euskara zailtasuna, ez
Zailtasunez galdetuta, etorri zenean euskara ez zela zailtasuna izan dio. Hasieran bakarrik sentitzen zela nabarmendu du: "Jendeari kaixo esan eta erantzun ere ez zizun egiten. Faltan igartzen nuen Andaluziako nire jendea; andaluziarrak irekiagoak dira. Baten ondoan eseri eta bere bizitza kontatzen dizu, ezagutu ere egin gabe. Ez nuen amorerik eman. Jendearena gerturatu eta lagunak egin nahi nituen. Orain, Arrasaten, bat gehiago naizela sentitzen dut".