Apirilaren 25ean Arrasateko kaleak hartuko dituen Piztu Plaza ekimena aurkeztu dute gaur, martitzena, Kulturaten egindako agerraldi batekin. Ikastolen Elkarteak bultzatutako ekimen hau, Batxilergoko zein Lizeoko ikasleen protagonismo osoarekin aurrera eramango den euskarazko sormen jaialdia izango da. Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artola, ekimenaren koordinatzaile Mikel Egibar, Manex Fuchs aktorea, Maider Morras alkatea eta Arizmendiko ikasleak elkartu dira agerraldian.
Gazteak eta euskara lehen lerroan
Agerraldian azaldu dutenez, ekimenaren helburuetako bat gazteak ikusle pasibo izatetik sortzaile aktibo izatera igarotzeko bultzada ematea da. Gazteak oraina ere badirela nabarmendu du Artolak, eta horregatik nahi izan dutela hauek euskaraz sortzeko espazio bat eskaintzea: "Askotan aipatzen dugu alde batetik gazteak etorkizuna direla, baina guk argi daukagu oraina ere badirela eta oraina eraikitzen dabiltzala. Badakigu euskaraz sortzeko espazioak behar dituztela, eta hori da egin duguna, guk, helduok, baliabideak eta laguntza eskaini dizkiegu eta beraien esku jarri dugu antolaketaren ardura; ideiak sortu, taldeak, eszenaratzea, antolaketa...".
Ekimenaren oinarrizko beste zutabea euskara da eta euskal kulturaren plaza astintzea nahi dutela azaldu dute. Artolaren ustez, euskararen pizkundeari ekarpen bat egiteko ezinbestekoa izango da euskarak Euskal Herriko plazak hartzea: "Euskarak eta euskal kulturak behar duten jauzi edo pizkunde berrirako izugarri garrantzitsua iruditzen zaigu euskarak plazak hartzea".
Arrasate, euskararekin konprometitua
Bost ikastola ibili dira lanean ekimena aurrera eramateko: Arrasate eta Eskoriatzako Arizmendi Ikastola, Bergarako Aranzadi Ikastola, Bernat Etxepare Lizeoa, Ikasberri Ikastola eta Ander Deuna Ikastola. Osotara 70 ikasle inguru ibili dira antolakuntza lanetan, eta hauetako 25 bat Arizmendi ikastolako Gaztelupe zein Almen guneetako ikasleak izan dira.
Ikastolen Elkarteko lehendakari azaldu duenez, Arizmendiko ikasleek egindako lanaren eta Arrasatek euskararekin duen konpromisoaren eraginez erabaki dute jaialdia Arrasaten egitea: "Arizmendi Ikastolak hartuko du parte eta Arrasate euskararekin eta euskal kulturarekin konprometitutako herria da. Ikastola handia dugu bertan, eta bertako ikastolaren inplikazioa handia izan da, beste ikastolena ere bai, baina horrelako ekimen bat plazaratzeko herri egokia dela iruditzen zaigu".
Egitaraua
- Herriko plaza:
- 11:00 - Hasiera ekitaldia (Arizmendi Ikastolako Almen eta Gaztelupe guneak)
- 11:30 - Elektrotxaranga (Ikasberri Ikastola)
- 18:45 - Musika kontzertua (Ander Deuna Ikastola)
- 19:00 - Amaiera ekitaldia (Arizmendi Ikastolako Almen eta Gaztelupe guneak)
- Biteri plaza:
- 12:00 - Antzerkia (Aranzadi Ikastola)
- 12:30 - Antzerki musikatua (Bernat Etxepare Lizeoa)
- 13:00 - Elektrotxaranga (Ikasberri Ikastola)
- Kulturolako tunela:
- 14:00 - Herri bazkaria
- 16:30 - Inprobiszio dinamikak