Hainbatetan etorri zen Euskal Herrira 80ko hamarkada amaieran, turista, Dirk Morenweiser (Kiel, Alemania, 1964). 90eko hamarkada hasieran hartu zuen hemen geratzeko erabakia, eta 1994a ezkero bizi da Arrasaten.
Nolakoa da Kiel?
250.000 biztanle ditu, gutxi gorabehera. Portuko hiri bat da; portu industriala eta kirol-portua ditu. Itsas pasealekua ere badauka. Zoritxarrez, ez da oso polita. Bigarren Mundu Gerran portu industriala eta itsas portua ingelesek ia guztiz suntsitu zituzten. Orokorrean, Alemaniako berreraikitzea oso-oso azkarra zen, eta estetika ez zen kontuan izaten, eta hori nabari da.
Noiz etorri zinen hona?
80ko hamarkada amaieran behin baino gehiagotan etorri nintzen Euskal Herrira, turista, interes politiko eta kulturalengatik. 1992a ezkero hemen bizi naiz: 1992an Gasteizen bizi izan nintzen; 1993an Donostian, eta 1994a ezkero nago Arrasaten.
Interes kulturalak eta politikoak hona etortzeko arrazoiak, beraz.
Eibarko gazte batzuk ezagutu nituen Berlinen, eta hona etortzera gonbidatu ninduten. Euskal Herria erakutsi zidaten eta asko gustatu zitzaidan. Hainbat urtetan itzuli nintzen oporretan, eta 1992an erabaki nuen hainbeste denboran turista izan beharrean hemen geratzea. Oso erraz aurkitu nuen lana Gasteizen. Urtebetera, Berlinera itzuli nintzen. Donostian beste lan bat topatu nuen 1993an, aleman irakasle. Donostian oso gustura egon nintzen, baina ohartu nintzen gehiago gustatzen zitzaidala Gipuzkoa barnealdea.
Zergatik?
Autentikoagoa da. Donostia oso ederra da, postalerako modukoa, baina izaera euskalduna gutxiago islatuta ikusten nuen han, barnealdeko herriekin alderatuta.
"Uste dut migatzen duen pertsona batek ziur egon behar duela pausoa emateko"
Orduan, Arrasatera etortzea erabaki zenuen.
Donostian ikusi nuen Arrasateko enpresa batek aleman irakaslea behar zuela. Jendeari galdetu nion s.koop zer zen. Ez nekien kooperatiba bat zer zen. Lagunek azaldu zidaten, mapan begiratu nuen eta ikusi nuen Arrasate Gasteiz ondoan zegoela, eta niretzat aukera bat izan zen Gasteiztik gertuago egoteko. Elkarrizketa egin nuen, eta ordutik hemen jarraitzen dut.
Kontatu didazunaren arabera, bakarrik etorri zinen.
Bai. Uste dut migratzen duen pertsona batek ziur egon behar duela pausoa emateko. Ezagutzen dut jendea maitasunagatik etorri dena. Maitasuna amaitzen denean zer egiten duzu hemen? Nik neure lekua aurkitu dut. Hemen hazi naiz. Gerora aurkitu dut maitasuna, eta familia daukat, baina edozein arrazoirengatik bikotekiderik edo familia gabe geratuko banintz, nire bizitzarekin jarraituko nuke hemen.
Zerk harritu zintuen hemen?
Zirimiriak. Eta festa askok: Lekeitioko Antzara Egunak, sanferminek, Maritxu Kajoik... Euskarak ere arreta eman zidan. Soziologikoki, kuadrillen garrantziak; uste dut doktoretza-tesia merezi duela. Gustatu zitzaidan baita ere jendeak zuen ekintzak antolatzeko gogoa. Europa mailan badakigu jendea indibidualistagoa dela eta ez dagoela horrenbesteko gogoa elkartzeko.
Egokitzea erraza izan zen?
Hasieran, turista nintzenez, guztia erraza zen. Guztia oso merkea iruditzen zitzaidan, dirua markotik pezetetara aldatu nuelako. Jendea eta hainbat herri ezagutzen nituenez, egunerokotasunak geroz eta gutxiago harritzen ninduen. Euskara handicap handia da. Atzerritarrok gaztelaniarekin defendatu gaitezke, baina badakigu euskara menderatuta ate gehiago irekiko zaizkigula, eta jendearekiko gertutasun handiagoa izango genukeela.
90eko hamarkadan atzerritar bakarrenetakoa izango zinen.
Bai; are gehiago: hasieran, diskriminazio positiboaren sentsazioa neukan. Taberna batean zerbeza eskatu, eta nire azentuagatik galdetzen zidaten. Alemaniarra nintzela esaten nien. Beste batzuetan, berlindarra. Berlinen ikasten nuenez, hango nortasun agiria neukan, eta Berlin ondo ikusita dago. Zoritxarrez, atzerritar guztiek ez daukate sentsazio hori. Hemen lur hartzea erraza izan zen. Gerora ikusten duzu txikitatik kuadrilla bat ez izateak ondorioak dituela.
Nongoa sentitzen zara?
Gertatu izan zait lagun batek hemen maletarekin ikusi, galdetu nora noan, eta nik erantzutea etxera noala. Alemanian, adibidez, etxe deitzen diot Arrasateri. Lehen aldiz horretaz jabetu nintzenean, arreta eman zidan. Orokorrean, gaur egun, nire bizitokia Arrasate da.
Atzerritar sentitzen zara?
Emozionalki ez naiz sentitzen, baina objetiboki banaiz.
Euskara ikasi, erretiroa hartutakoan
Euskara ikasten hasi zen Dirk Morenweiser hona etorri zenean, baina adierazi du erretiratzen denean berrartuko duela. "Nik bezala hizkuntza irakasle lan egiten baduzu, eta egunero zazpi orduz, alemanez, Nork-nori-nork azaltzen baduzu, zure denbora librean txipa aldatu nahi duzu. Badakit zer den hizkuntza bat ikastea, eta, momentuz, ez daukat burua horretarako. Beste zaletasun batzuk ere baditut: argazkilaritza, idazketa... Jubilatzen naizenean, irakasle izateari utzi eta euskara ikasle izango naiz", dio.
Ulertzea zailago
Morenweiserren esanetan, euskara "beste liga bat da". Azaldu duenez, norbait portugesez, italieraz edota frantsesez hitz egiten entzunez gero, ulertu daiteke elkarrizketa zeri buruz den, "baina euskaraz entzutean, ez dakizu futbolaz edo Irango gerraz ari diren".