Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak, eskualdeko zazpi Lanbide Heziketako ikastetxeekin batera eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen du Goiaz! azoka. Aurten hamazortzigarren aldia du, eta ikasle, langabe eta prestakuntza bila dabilen edonorentzat zuzenduta dago ekitaldia.
Ikastetxeak eta gehiago
Debagoienean, guztira 1.600 ikasletik gora ari dira Lanbide Heziketa graduak ikasten, eta maila desberdinetako 50 ziklo baino gehiago ikasteko aukera dago. Azken urteetan "izen-emateek nabarmen egin dute gora", eta lan merkatura ongi egokitzen den eredua dela eta etengabe formatzeko aukera ematen duela azpimarratu du Amaia Irizarrek, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako kideak.
Hain zuzen ere, Aretxabaleta Lanbide Eskola, Arizmendi Ikastola, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, Miguel Altuna Lanbide Heziketa, Mariaren Lagundia, Oñati Gestio Heziketa eta Oñati BHI ikastetxeek hartzen dute parte. Azokari dagokionez, ikastetxeekin batera, Bastida Akademiak, IkasDebagoienak, Lanekik, Tkguneak eta Debagoieneko Mankomunitateak ere haien informazio-mahaiak dituzte.
Proiektu berrien txokoa ireki dute lehenengoz. Gizartearekin harremanak dituzten proiektuak aurkezteko gunea da, eta Arizmendi Lanbide Heziketak eta Mariaren Lagundiak Bergarako Udalarekin egindako bi proiektuk osatzen dute.
Gaur hitzaldia
Azokaz gain, bestelako ekintzak antolatu dituzte egunotarako. Batetik, Lanbide Heziketa aukeratzeko zazpi arrazoi eta ikasleen esperientziak hitzaldia egingo dute gaur, eguaztena, 18:00etan. Eta, bestetik, Seber Altube plazan karpa bat jarriko dute, bertatik pasatzen diren herritarrei informazioa eman eta jendea Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azokara hurbiltzera gonbidatzeko.
Bai gaur eta bai bihar, Kulturateko klaustroak ateak zabalik egongo dira, eta, ordutegiari dagokionez, gaur azoka bisitatu ahalko da 08:30etik 14:30era eta 16:00etatik 18:30era. Eta bihar, martxoaren 26a, aldiz, 08:30etik 14:30era.