Arrasatek Sormen Beka Feminista jarri du abian, emakume sortzaileen proiektuak sustatzeko

Eki Letona Erretolatza 2026ko martxoaren 23a

I. Sormen Beka Feministaren aurkezpena.

Arrasateko Udalak eta Emakume Txokoak Sormen Beka Feministaren lehen deialdia aurkeztu dute, ikuspegi feminista eta intersekzionala duten kultur sorkuntzak bultzatzeko helburuz. Ekimenak 10.000 euroko zuzkidura izango du, eta emakume sortzaileei zuzenduta dago.

Aurkezpenean azaldu dutenez, beka honen bidez sormen kulturala indartu nahi dute, emakume sortzaileei baliabideak eta aitortza eskainiz eta herriko kultur eskaintzan begirada feminista txertatuz. Eva Abuin Feminismoa eta LGTIQ+ zinegotziaren hitzetan, "sormena eraldaketa sozialerako tresna eraginkorra da, eta beka honek emakumeen ahotsa eta ekarpena erdigunean jartzea du xede".

"Gaur jauzi garrantiztsu bat ematen dugu, emakumeen ikusgarritasuna, bereziki mundu artistikoan. Ate berri bat zabaltzen diogu sormena emakumeen eskutik eta ikuspegi feminista batatik eraikitzera. Begirada intersekzionala txertatuz eta berme ekonomiko baten bitartez sustengatuz", azaldu du Abuinek.

Sormen Beka Feministaren oinarriak Amets Beltran de Guevarak aurkeztu ditu, eta bertan zehaztu duenez, "sormen kulturaltzat joko dira irudimenetik eta lan artistikotik eratorritako proposamenak". Besteak beste, musika, literatura, antzerkia, zinema, komikia, arte plastikoak, dantza, ikus-entzunezkoak eta sormen digitala hartuko dira kontuan.

Parte hartzeko baldintzak

Emakumeei zuzenduta dago, banaka zein taldeka aurkeztu daitezkeen proiektuekin. Taldeen kasuan, kide guztiak emakumeak izan beharko dira eta nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen taldea osatu.

Parte hartzaileek 18 urtetik gora izan beharko dute, sortzaile berriak izan —gehienez behin aurkeztu izana lana zirkuitu profesionaletan— eta euskaraz komunikatzeko gaitasuna izan. Taldeka aurkeztuz gero, taldea sortu berria izan beharko da, eta gutxienez kideen bi herenek sortzaile berriak izan beharko dute.

Aurkeztutako lanek jatorrizkoak izan beharko dute, eta hitzak dituzten proposamenen kasuan, euskaraz aurkeztu beharko dira. Proiektuek, gainera, sormen lanaren deskribapena eta zabalkunde proposamena jaso beharko dituzte.

10.000 euroko laguntza

Bekaren zuzkidura 10.000 eurokoa izango da, sormen prozesua garatzeko. Epaimahaiak diru kopurua proiektu bakar bati eman edo hainbat proposamenen artean banatu ahal izango du, eta beharrezkotzat jotzen badu, beka hutsik uzteko aukera ere izango du.

Sormen prozesuak gehienez bederatzi hilabete iraungo du, eta salbuespen gisa hiru hilabeteko luzapena onartu ahal izango da. Amaitutako lana Arrasaten aurkeztu beharko da lehen aldiz, herritarren aurrean eta Udalarekin adostutako formatuan.

Zabalkunde programarako udal ekipamenduak erabili ahal izango dira, eta oinarrizko gastuak Udalak bere gain hartuko ditu, aurrekontu mugen barruan eta epaimahaiaren onarpenarekin.

Balorazio irizpideak eta epeak

Epaimahai batek aztertuko ditu aurkeztutako proposamenak. Balorazioan kontuan hartuko dira, besteak beste, proiektuaren kalitatea, originaltasuna eta izaera berritzailea, zabalkunde proposamenaren sendotasuna, ikuspegi intersekzionala eta feminismoaren egungo lehentasunekiko lotura, baita Arrasaten erroldatuta egotea ere.

Bekara sarbidea izateko, gutxienez 30 puntu lortu beharko dira. Berdinketa kasuan, hautagaiei elkarrizketa egingo zaie azken erabakia hartu aurretik.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak martxoaren 23an argitaratu du deialdia, eta bihartik aurrera aurkeztu ahal izango dira proposamenak apirilaren 24ra arte. Eskaerak BAZen edo horretarako prestatutako izen-emate galdetegiaren bidez egin beharko dira, eta beharrezko dokumentazioa erantsi: proiektuaren memoria, motibazio azalpena, zabalkunde proposamena, zinpeko adierazpenak, NANaren kopia, errolda agiria eta curriculuma.

Informazio gehiago eskuratzeko, interesa dutenek Arrasateko Udalaren webgunea edo berdintasuna@arrasate.eus helbidea erabil dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak