ALBISTEAK

Foru Aldundiak 2026ko Laguntzen eta Dirulaguntzen Programaren eskualdeko aurkezpena egin du

Gontzal Belategi Zubia 2026ko martxoaren 13a

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026ko Laguntzen eta Dirulaguntzen Programa aurkeztu du, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan. Unai Andueza, Jon Gurrutxaga eta Amaia Arregi izan dira azalpenak ematen, Debagoieneko hainbat elkarte eta enpresetako ordezkarien aurrean.

Asteazkenean aurkeztu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026ko Laguntzen eta Dirulaguntzen Programa, Donostian. Orain, programa lurraldera hurbiltzeko asmotan, eskualde ezberdinetan egingo dituzte aurkezpenak, eta gaur, egubakoitza, Garaia Parke Teknologikoan izan dira horretan Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Unai Andueza, Berrikuntzako zuzendari Jon Gurrutxaga eta Ekonomia sustapeneko zuzendari Amaia Arregi.

2025eko laguntzen bideberetik

Anduezak azaldu duenez, 2025ean hasitako bidearen jarraipena da 2026ko Laguntzen eta Dirulaguntzen Programa: "Esango nuke berrikuntza nagusiak 2025eko deialdian dagoeneko abian jarri genituela. Hainbat trantsizio kasik estrukturalak bilakatu dira gaur egunerako: ekologikoa, demografikoa, teknologikoa zein Txinako merkatuaren irrupzioa. 2025ean eraldaketa prozesu nabari bat hasi genuen; dirulaguntzak errazteko, ulerterrazago izateko eta kudeaketa mailan ere errazagoak izateko".

Hala ere, baditu zenbait berrikuntza: "Aurtengo berrikuntza nagusia pasa den urteko malgutasuna mantentzea da. Trantsizio horiek nahiko estrukturalak dira, baina, ikusten dugu ziurgabetasun egoera bat; Ekialde Hurbila, arantzelak ez badira zergamugak,... Orduan, bai gordetzen dugu maniobralidade bat beharrezko diren dirulaguntza berriak aktibatu ahal izateko. Berrikuntza nabari bezala baita ere, klausterrentzako eta elkarteentzako bideratutako dirulaguntza berezi bat egongo dela besteez harago".

32 milioi laguntzatan

2026ko Laguntza Programak 32.195.622 euroko aurrekontua eta 39 laguntza lerro ditu guztira, eta lurraldeko ekonomia sarea indartzea eta enpresei laguntzea du helburu. Zortzi arlo estrategiko handitan egituratzen da, eta horiek enpresa garapenaren eremu nagusiak hartzen dituzte. Ekintzailetzara 1.976.000 euro bideratuko dira, enpresa ekimen berriak bultzatzeko. Enpresen eraldaketa teknologikora berriz, 1.760.000 euro eta enpresa sustapenera 1.863.600 euro. Ekonomia berdearen lerroak 1.500.000 euro izango ditu, eta elkarte eta klusterrekin lankidetzan Gipuzkoako ekonomiarentzat garrantzitsuak diren proiektuak sustatzera bideratutako laguntza lerroak 1.050.000 euro.

Diru-lerro handienak jasotzen dituzten arloak Pertsonak eta talentua kategoria 5.292.000 eurorekin, lehiakortasuna 7.454.022 eurorekin eta 11.200.000 euro jasoko dituen berrikuntza dira. Enpresa eta elkarteetako ordezkariek hiru lerro horietan jarri dute arreta bereziki, digitalizazioarekin batera.

Debagoienaren garrantzia

Anduezak balioan jarri du Debagoieneko ekonomia eta industria sarearen garrantzia: "Eskualdeka kalkulu bat egin genuen, jakiteko zenbat diru heltzen zen bakoitzera. Gero, normalizatzen saiatu ginen. Zer esan nahi dut honekin? Eskualde bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu eta lanpostu kopuru bat sortzen du eskualde horrek. Ba esan genuen, ikusi dezagun zenbat diru bideratu dugun eskualde horretara eta zenbat langile dituen. Ranking hori kontuan hartuta Debagoiena erditik gora dago, zehazki, laugarren postuan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak