Arrasateko Udalaren "jarrera zibikorako deia", azkenaldiko kalteen harira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko martxoaren 11

Ferixalekuko igogailurako atea konpontzeko lanak, gaur goizean. Argazkia: Arrasateko Udala.

Arrasateko Udalak gogor salatu ditu, ohar bidez, azkenaldian zerbitzuetan eragindako kalteak. Ferixalekuko igogailua, Arrasate institutuko gimnasioko sutea, Makatzenako haur parkea edota 2024ko Gabonzaharretako Txikilandian eragindako kalteak aipatu dituzte, besteak beste. 

Arrasateko Udalak "gogor" salatu duenez, hainbat zerbitzu publiko kaltetu dituzte ezezagunek. Duela bi aste, esaterako, institutuko gimnasioa erre zuten edota martxoak 1eko goizaldean Altamirara doan igogailua apurtu zuten. Igogailua apurtu zuten pertsonak identifikatzen ari da Udala.  

Morras: "Gure esku dagoena egiten ari gara, baina lanak datorren astera arte luza daitezke"

Martxoaren 1eko goizaldean Ferixalekutik Altamira auzora doan igogailua apurtu zuten ezezagun batzuek. "Sakoneko kalteak eragin zituzten igogailuko ateetan, eta horiek ordezkatzeko zailtasuna azaldu ziguten mantentze eta konponketa ardura duten enpresatik. Izan ere, hasiera batean, ordezko piezak ekainera arteko epea izan zezaketela azaldu ziguten. Sekulako lanak egin behar izan ditugu igogailua lehenbailehen martxan jartzeko, eta, zorionez, konpontzen ari dira dagoeneko", adierazi du Maider Morras alkateak.  

Ez da lehen aldia Altamirako igogailuak apurtzen dituztela, eta alkateak igogailuek bizilagunei eskaintzen dien zerbitzu eta laguntza azpimarratu du. "Bizilagunak modu zuzenean kaltetzen dituen ekintza bat da; herritarrak oro har, baina bereziki behar bereziak dituzten pertsonak: pertsona nagusiak, ume txikiak dituzten familiak, ezgaituak… Sortzen duten eragozpena ikaragarria da, penagarria da eta haserre handia sortzen du herritarrengan. Udaletik konponketa lanak bizkortu ditugu, gure esku dagoen dena eginez. Datozen egunetan erabilgarri egotea espero dugu, baina lanak datorren astera arte luzatu daitezke", azaldu du Morrasek.  

Institutuko gimnasioa ezingo da ikasturte amaierara arte erabili 

Bestetik, otsailaren 27 iluntzean, institutuko gimnasioa erre zutela gogoratu du alkateak. "Sua nahita piztutakoa da, suhiltzaileek azaldu duten bezala, eta kalteak handiak dira. Kalte materialez gain, ikastetxeetako ikasleei eta kirol taldeei kalte ikaragarria egin die sute horrek, izan ere, Dragoi Gimnasia Taldeak bertan entrenatzen zuen". Institututik eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik adierazi dutenez, ikasturte honetan ezingo da erabili gimnasioa. Ondorioz, alkateak azaldu du udal baliabideak aztertzen ari direla entrenamenduak non burutu zehazteko: "Momentuz Uarkape frontoiaren erabilera egokitu dugu, nahiz eta eragozpen handiak sortzen dituen horrek beste kirol taldeengan". 

Horrez gain, beste hainbat ekintza gogora ere ekarri ditu Udalak, besteak beste: Makatzenako haur parkearen erreketa, edukiontzien erreketak, TAOren makinek Santamasetan jasan zituzten kalteak edota 2024ko Gabonzaharretan Uarkape pilotalekuan Txikilandiako parkeak jasandako kalteak. Arrasateko Udalak herritar jokaera zibikoa "ezinbesteko oinarria" dela adierazi du, "elkarren arteko bizikidetza eta errespeturako". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak