Aurtengoa berezia izan dela dio Iñaki Iturbek, Goienako diseinu-arduradunak; izan ere, saria hainbat urtetan jaso badute ere, txanda bakarrean inoizko sari gehien jaso dituzte aurtengo edizioan: "Nik uste dut aipagarria dela sarituak izatea, Europa mailan dagoen lehiaketa handiena delako eta Europa osoko egunkariek hartzen dutelako parte".
Ohiko estiloan egindako azalak dira: ideia landuak, estilo sinplean irudikatuta
Saritutako lau zenbakietako azalei dagokienez, iazko udaberrian argitaratu ziren. Iturbek adierazi du "ohiko estiloan" egindako lanak direla; hain zuzen, estilo aldetik "sinpleak" diren baina "ideia aldetik landuta" dauden azalak.
Izan ere, haren iritziz, gauza txukun bat egiteko unean, errealizazio aldetik izugarrizko jomuga handirik ez duen eremu batera joan beharra dago batzuetan: "gure kasuan, tokiko komunikabide bat izanda eta baliabide garestietarako dauzkagun mugak kontuan hartuta, batez ere ideien aldetik lantzen ditugu azalak".
Aintzatespena
Sari hori jaso izanak etorkizunera begira diseinu taldeari lanean jarraitzeko "motibazioa" ematen diola adierazi du Iturbek. Aurten lau azal izan dira sarituak, baina iaz eta 2023an ere, kategoria berean, aldizkariaren bi eta hiru azal izan ziren sarituak. Iturbek adierazi duenez, "aintzat hartzen gaituzten" seinale: "behintzat, balio digu jakiteko aintzat hartzeko moduko lanak egiten ditugula, eta gure lana baloratu egiten dutela. Gainera, are gehiago, gure lana Europako ikuspegia duen epaimahai batek aitortzen badu".