Bere bizipenak kontatzeko guztiz ireki eta emozioak azaleratu ditu Daniela Pedrozak (Barranquilla, Kolonbia, 1969) Handik hona ataleko elkarrizketan.
Nola oroitzen duzu haurtzaroa?
Esklusiboa izan zen. Nire gurasoak ekonomikoki egonkor zeuden, eta haurtzaro polita izan nuen. Gaztaro zaila izan nuen. Nire alaben aita ezagutu nuen, eta harekin hasi zen tortura. Tratu txarrak ematen zizkidan, matxista zen… Asko sufritu nuen. Bi alaba izan nituen, eta bakarrik egin behar izan nuen aurrera. Duela urte asko utzi nuen Kolonbia… Nire bizitzako etaparik txarrena izan zen. Baliabiderik gabe, bi alabarekin, aurrera egin behar eta aukerarik ez nuen.
Hori izan zen Kolonbia uzteko arrazoia?
Ez. Nire alaba mehatxatu egin zuten. Zuzenbide gradua amaitzen ari zen. Ezkertiarrak gara, eta ezin izan gara itzuli. Duela 16 urte joan nintzen handik. Valentzian egon nintzen; gero, Debagoienean; Venezuelara joan nintzen ostean eta han bost urte itxaron behar izan nituen hona itzultzeko. Itxaron, diot, ezin nintzelako hona etorri. Izan ere, lehen, erregularizatu gabe egonez gero, bost urtez egon behar zen zain.
Valentziara, nolatan?
Nire alabaren bikotekidearen gertuko familiak hartu gintuen Les Alqueries herrian. Oso ondo pasatu nuen, baina ezer ez daukan herri bat da. Talka kulturala sekulakoa izan zen.
Zergatik?
Sentitzen nuen egiten nuen guztiak molestatu egiten zuela. Haiek valentzieraz hitz egiten dute. Ez nuen sentitzen valentziera ikasteko derrigortasun hori, baina haien artean hala hitz egiten zuten. Bazkalorduan asko eztabaidatzen zuten, ozen hitz egin... Uste nuen borrokan ari zirela. Barne-zaintzailea ere izan naiz, eta, kasu askotan, gaizki tratatu eta umiliatu egin naute, bai Valentzian, bai hemen. Han, etxe batean lanean ari nintzela, itotzen ari nintzela sentitzen nuen. Gizon bat ere ezagutu nuen, eta ni familiari aurkezterakoan, haiek esan zioten matxupitxu batekin ez joateko. Hona etorri nintzen.
"Gustatuko litzaidake Kolonbiara itzultzea, baina han izan nintzenean mamu sentitzen nintzen"
Une gogorrak bizi izan dituzu hemen ere; ilusioa itzuli zaizu?
Etsita nago. Lana lortu dut, baina besteek egin nahi ez dituzten lanak dira. Orokorrean, baldintzak txarrak dira. Gazteek, emantzipatu nahi badute, ezin dute. Alokairuak garestiak dira. Askotan pentsatzen dut honek guztiak merezi ote duen. Niri gustatuko litzaidake nire herrialdera itzultzea, baina han izan nintzenean mamu sentitzen nintzen. Izan ere, hemen atzerritarra naiz, nahiz eta nortasun agiri espainiarra izan.
Ze zailtasun izan dituzu?
Asko. Jende arrazista asko dago. Negozio bat zabaltzeko oztopo eta baldintza pila daude. Oztopoa oztopoaren atzetik. Ezezko pila jasotzen dituzu. Kulturaniztasunari buruz hitz egin nahi dute atzerritarrekin, eta orduan egiten digute leku bat. Ikusezinak gara. Ez gaituzte baloratzen, eta horrek ematen dit min.
Zeu izaten jarraitzen duzu?
Asko aldatu naiz, baina hobera. Osasuna asko hobetu dut. Han diagnostikatu ez zizkidaten zenbait gaixotasun ditudala jakin dut hemen, adibidez. Ondorioz, zenbait ohitura aldatu egin ditut.
Itzultzerik pentsatu duzu?
Bai, baina Venezuelara. Duela urte batzuk izan nintzenean, Hugo Chavezen politika zegoen, eta modu sutsuan bizi izan nuen. Asko
gustatu zitzaidan politika hura; oraingoa ez. Nire ametsa da Venezuelara itzultzea, eta hango etxea amaitzea. Negua han igarotzea eta udan hona etortzea. Ezin dut Euskal Herriarekin dudan lotura moztu, nire familia hemen baitago.
Venezuelako egungo egoera nola bizi duzu hemendik?
Han etxe bat eraikitzen ari naiz, eta hemen irabazten dudan soldatak bizirauteko baino ez du ematen. Han etxe bat baldin baduzu, oso ondo bizi zara, nire ustez. Venezuelak negoziorako aukera asko ematen dizkizu. Zure seme-alabei jaten emateko etxeko mahai bat kalera atera eta talo batzuk saldu ditzakezu, eta mantentzeko adina daukazu. Hemen ez da horrela.
Nolakoa da Barranquilla?
Itsaso eta errekaz inguratuta dago. Urrezko atea deitzen diote. Portu pila ditu. Oso handia da. Bilbo baino hiru aldiz handiagoa dela esango nuke. Kolonbia oso klasista da, ordea. Biolentzia handia dago. Pertsona bat hiltzen dute eskuko telefono bat lapurtzeko. Psikologikoki oso indartsuak gara, bainafisikoki ez. Jendea ez da batere puntuala. Ni beti iritsi izan naiz garaiz lekuetara.
Euskaraz eta euskaldunez berbetan
Denboragatik ez du ikasi euskara Daniela Pedrozak. Onartu du barneko zaintzailea izan eta egunean libre zituen bi orduetan nahiago zuela kirola egin, paseatu edota inguruak ezagutu. Bestalde, euskara zaila dela dio. Hala ere, anekdotaren bat badu euskararekin. Alaba bat Oviedon bizi da, eta hara joaten denean, taberna batean, adibidez, euskaraz eskatu edota agurtzen du. Gainera, esan du haren asmoa ez zela Euskal Herrian geratzea: "Europako beste herrialde batera joan nahi nuen, baina hemen jarraitzen dut. Nire familiagatik geratzen naiz hemen. Nire biloba euskalduna da, zuek bezalakoa".
Bi izaerak
Euskaldunez galdetuta, erantzun du itxiak garela: "Gu irekiagoak gara, maitekorragoak. Peluxezko hartzak bezalakoak" [Barre].