Tiroketa baten ondorioz pertsona bat larri zaurituta eraman dute ospitalera

Hasier Larrea 2026ko otsailaren 27a

Arrasateko San Andres auzoko San Josepe kalean gertatu da ezbeharra, 11:30ak aldera. Udaltzaingoak konfirmatu du "tiroketa baten ondorioz pertsona bat larri zauritu dela, baina arriskuz kanpo dagoela". 

[AZKEN ORDUKOA] Gizon bat atxilotu dute eguerdian, gertatutakoarekin zerikusia izan dezakeelakoan. 55 urteko gizona ertzain-etxera joan da, ertzainek hala eskatuta.

Arrasateko eraikin bateko atarian gizon bat zaurituta zegoela esanez abisua jaso dute ertzainek 11:30ak bueltan. Azken horien esanetan, su-armaz egindako zauri bat zuen, eta senide batek Debagoieneko Ospitalera eraman du. 61 urteko gizona da zauritua eta Arrasateko Ospitalean ebakuntza egingo diote. Lekukoek pistola-bala bat aurkitu dute lurrean.

Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren Herritarren Babeserako patruilak eta Brigada Mugikorreko Berehalako Erantzuneko Patruilak (PRI) joan dira gertakarien lekura, "ingurua babesteko eta beste inor ez dela kaltetuta egiaztatzeko". Horretarako, kalea moztu dute. Ordubete inguruko polizia-operazioaren ostean, Brigada Mugikorrak alde egin du. Ertzaintzaren unitate zientifikoa eremua ikertzen ibili da, gertakarien arrazoiak zehazteko.

Hain zuzen ere, gertatutakoari buruzko lehen ikerketei esker, ertzainek 55 urteko gizonezko bat identifikatu dute. Deba Urolako ertzain-etxean atxilotu dute, gertakariarekin zerikusia duelakoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak