ALBISTEAK

Kooperatibismoaren eraginaren eta erronken inguruan hausnartu du Xabier Sotilek Kulturaten

Ibai Irasuegi Garai 2026ko otsailaren 27a

Aurten betetzen dira 50 urte Arrasateko kooperatiba mugimendua sortu zuen Jose Mari Arizmendiarrieta hil zela. Hori horrela, oroimen gisa, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak egitarau "berezia" prestatu du urteurrenerako. Atzo Kulturateko Areto Nagusian egindako hitzaldiarekin egin zuten urteko lehena, ALEko zuzendaritza batzordeko kide den Xabier Sotilek eskainitako hitzaldiarekin.

Arizmendiarrietaren heriotzaren 50.urteurrenaren baitan, kooperatibismoaren inguruko hausnarketa batzuk jasotzen dituzten bi liburuetako edukien inguruan hitz egin zuen Sotilek; hain zuzen, Euskal Herriko kooperatibismoaren ekarpen soziala aztertzen duen Suspertzen-ispilu kooperatiboa liburuarekin, eta 2040rako ideologia kooperatibo posible baten inguruan diharduen Ausartzen liburuarekin.

Sotilek azaldu duenez, ekonomikoki ondo jarraitzen duen eredu bat da kooperatibismoa, horrela izaten jarraitzeko hezkuntza kooperatiboa lantzea oso garrantzitsua da. "Gazteekin hasita, oso garrantzitsua da haiek jakitea  zer den kooperatiba bat eta zer behar den kooperatibista izateko; batik bat ikastea. Gaurko eskoletan oso gutxi irakasten da kooperatibismoari buruz, eta oso zaila da ingurumen horretan bizirautea".

Hurrengo saioa, apirilean

Abenduan, Ivan Martenen hitzaldiarekin eman zieten hasiera urteurreneko ekintzei, eta atzo, Xabier Sotilek egindako hitzaldiaren ostean beste ekintza gehiago ere etorriko dira.   Hurrengoa apirilaren bigarren hamabostaldian izango dela adierazi du ALE-ko presidente den Lourdes Idoiagak.

Horretarako, Arizmendiarrietaren inguruan idatzitako ia 9.000 dokumentu bildu dituzte: "Dokumentu horien bilduma aurkeztuko dugu Arizmendiarrietaren inguruko beste atal batekin". Egitarauarekin jarraituz, urteko bigarren seihilekorako Ezagutza bidea liburuaren aurkezpena dago aurreikusita.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak