HEMEN DEBAGOIENA

Erregistratuta eta aseguruarekin erabili behar dira patinete elektrikoak

Mireia Bikuña Madrid 2026ko otsailaren 27a

Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen (MPI) arautegi berria (05/2025 legea) indarrean dago urtarrilaren 28a ezkero. Arautegia Trafiko Zuzendaritzak eta Barne Ministerioak kudeatzen dute eta Espainia osoan dago indarrean. Arautegi horren baitan sartzen dira Ibilgailu Pertsonal Arina kategorian sartzen diren patinete elektrikoak. 

Bete beharreko baldintza berrien artean daude patinete elektrikoak Ibilgailuen Erregistro Nazionalean erregistratzea eta erantzukizun zibileko asegurua eduki behar izatea. "Araudi berri hori aurretik zegoen legediaren hutsune guztiak betetzera dator; izan ere, errealitateak zehazten du edozein legediren nondik norakoa", esan dio GOIENAri Arrasateko udaltzainburu Zigor Andinok.

Identifikazio-etiketa

Ibilgailuen Erregistro Nazionalean erregistratuta egoteaz harago, patinete elektrikoek zirkulazio-ziurtagiria izan beharko dute, arautegiak eskatzen dituen baldintza teknikoak betetzen dituela bermatzeko; eta identifikazio-etiketa eta fabrikatzailearen markatze-plaka eraman beharko ditu. Are gehiago, Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuek bete beharreko baldintza teknikoak ere zehazten ditu. "MPIen artean azpikategoria bat zehaztu dute arautegi berrian, Ibilgailu Pertsonal Arina, eta hor sartzen dira patineteak eta horiek bete beharrezko baldintza teknikoak. Kategoria horretan ez dira sartzen bizikletak eta mugikortasun murriztua duten pertsonek erabilitako ibilgailuak", azpimarratu du Andinok.

"Bide publikoak
erabiltzen dituzten
pertsona guztien
segurtasuna
bermatzea da
garrantzitsuena;
bizikidetza
bermatzea, alegia"

Zigor Andino, Arrasateko udaltzainburua

Malgutasunez

Hilabete pasa da arautegi berria indarrean dagoenetik, eta eskaera asko egin dituzte herritarrek. Horrek guztiorrek pilaketa handia ekarri du erregistroak egiteko orduan. Hori horrela, malgutasunez jokatuko dute Arrasateko udaltzainek. "Badakigu pilaketak daudela erregistroan, eta herritarrek, gainera, denbora behar dute arautegi berrira egokitzeko. Hau ez da isunak ipini eta zigortzeko kontua. Segurtasun gaia da. Bide publikoak erabiltzen dituzten pertsona guztien segurtasuna bermatzea da garrantzitsuena. Bizikidetza bermatzeko ezarritako arauak bete egin behar dira, eta patinete elektrikoen gidariek kontuan izan beharko dituzte gainerako erabiltzaileak".

Horren harira, Oñatiko Mapfre aseguru-etxean ere hasi dira patinete elektrikoen arautegi berriarekin lanean. "Etorri dira erabiltzaile batzuk bete beharreko arauen gainean galdezka. Guregana, bereziki, erantzukizun zibileko aseguruari buruzkoak galdetzera etorri zaizkigu", esan dio GOIENAri Oñatiko Mapfreko Jaione San Miguelek.

Segurtasuna bermatzeko

Arestian Arrasateko udaltzainburuak aipatu duen "segurtasuna" dago asegurua edukitzearen betebeharraren atzean. "Alde batetik, patinetearen gidaria dago; eta, beste alde batetik, gainerako herritarrak. Istripu baten edo kolpe baten aurrean babestuta egotea ezinbestekoa da; eta ez dadila ezer larririk gertatu. Autoarekin oso barneratuta daukagu ezin garela as aseguru barik ibili. Patinete elektrikoaren kasuan gauza bera da.
Gutxienez, lasaitasunez ibiltzeko balioko du erantzukizun zibileko aseguruak", azpimarratu du San Miguelek.

"Autoarekin ez
daukagu inolako
zalantzarik:
asegurua behar du,
eta kito; patinete
elektrikoekin berdin
jokatu beharko
genuke"

Jaione San Miguel,
Oñatiko Mapfre aseguru-etxea

Lege berriarekin, Ibilgailu Pertsonal Arina izeneko kategoria sortu da. Bertan sartzen
dira plaza bakarreko ibilgailu elektrikoak, gehienez 25 kilometro orduko abiadura hartzen dutenak eta 25 kilo baino gutxiago pisatzen dutenak, edo abiadura txikiagoa izan arren pisu handiagoa dutenak. Kategoria horretarako aseguruen araudi espezifikoa ezarri dute.

Zirkulazio-ziurtagiririk eta identifikazio-etiketarik ez duten patineteek 2027ko urtarrilaren 22ra arte zirkulatu ahal izango dute, eta, handik aurrera, homologatutako ibilgailuek bakarrik izango dute baimena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak