Arrasate-Udalatxen hamargarren urteurrena berritasunekin dator

Xabier Urtzelai 2026ko otsailaren 23a

Zapatuan (09:30) 491 korrikalari daude deituta Arrasate-Udalatx lasterketaren X. edizioan parte hartzera. Urteurrena ospatzeko Mondraitzeko antolatzaileek hainbat berritasun aurkeztu dituzte gaur egindako agerraldian. Lasterketa Goiena telebistan, 'Goiena.eus' atarian eta EITBko laugarren kanalean ikusi ahal izango da zuzenean.

Mugarri esanguratsua beteko du Arrasate-Udalatxek zapatuan, lasterketaren X. edizioa egingo dutelako. Eta urteurren horrek zenbait nobedade izango ditu. Aurten ere 400 korrikalari inguru batuko dira irteeran, baina korrikalariek egin beharreko lana diferentea izango da. Lasterketak 22 kilometroko ibilbidea eta 1.400 metroko desnibel metatua izango ditu. Anporreta, Meatzerreka eta Udala auzoa zeharkatuko ditu, baina hemen dator nobedadea: korrikalariak lehen aldiz igoko dira Udalatx tontorreraino. Horrek lasterketa apur bat gehiago zailduko du bereziki ikuspuntu teknikotik eta horren aurrean antolatzaileek segurtasun neurri bereziak hartuko dituzte:eremu neutralizatua, derrigorrezko materialaren erabilera eta denbora muga berriak.

Puntako korrikalariak garaipenaren bila

491 korrikalari daude deituak irteera puntura. Horietatik, 170 arrasatearrak dira eta guztira 323 korrikalari izango dira Gipuzkoakoak. Bestalde, lasterketak Espainiar estatuko 17 probintziatako ordezkaritza izango du. "Horrek agerian uzten du Udalatxen proiekzioa Euskal Herritik harago ere zabaltzen ari dela", adierazi dute antolatzaileek, eta gaineratu: "Generoari dagokionez, 67 emakumezkok parte hartuko dute aurten, urtetik urtera gorantz doan parte-hartzea izanik. X. edizio honetan maila handiko parte-hartzea izango da, eta lehia estua aurreikusten da bai emakumezkoen zein gizonezkoen kategorietan". Emakumezkoen artean, Naiara Irigoyen izango da faborito nagusietako bat. Harekin batera, aurreko postuetan ibiltzeko hautagai sendoak izango dira Carrodilla Cabestre, Oihana Zubillaga, Nerea Urteaga eta Leire Uribe; maila handiko korrikalariak guztiak. Gizonezkoen kategorian, Ibai Larrea izango da erreferentzia nagusia. Azken edizioko garailea izanik, faborito gisa irtengo da. Hala ere, lehia estua aurreikusten da, besteak beste, Gontzal Murgioitio, Alain Santamaria, Lluís Puigvert, Oier Zubeldia eta Paul Ormaetxea bezalako korrikalariekin.

Zuzenekoa Goiena telebistan, 'Goiena.eus' atarian, eta EITBn

X. edizio honetan, Arrasate-Udalatx Mendi Lasterketak proiekzio berezia izango du. Zuzeneko emanaldia indartuta dator, eta aurten Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian ikusteko aukera izateaz batera, EITBn eta bere plataforma digitalean jarraitu ahal izango da, 9:30etik aurrera. "Horrek gure lasterketari oihartzun handiagoa emango dio, lasterketako irudi ikusgarriak Euskal Herri osora zabalduta", azpimarratu dute antolatzaileek.

Lasterketa zapatuan, jai eta guzti

Orain arte lasterketa domeketan egin izan dute. Baina aurtengoa zapatuan izango da eta hori horrela, kirolaz harago, ospakizunerako tartea ere izango da. Egun osoan zehar Sebero Altube plazan karpa egongo jarrita egitarau bereziarekin. Goizean zuzeneko emanaldia eskainiko da bertan eta 18:00etatik aurrera hasiko dute X. urteurreneko jaia. Arratsaldeko 20:00etan DJ Goikolearen emanaldiarekin, lasterketa eta festa uztartuko dituen giro berezia sortuko da gauerdira arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak