Proiektuaren helburua da herriko sorkuntza musikalari aitortza egitea, tokiko talentua ikusgarri bihurtzea eta Arrasateko musikariei zabalkunde eta proiekzio berriak eskaintzea.
Hamarratz Musika Guneko arduradunek ere ekimenaren balioa nabarmendu dute. Pello Herizek adierazi du: "Aspalde genuen buruan proiektu proposamena udalarekin aurrera ateratzea; espero dugu talde asko apuntatzea eta, gure asmoetako bat beraien artean elkar ezagutzea eta talde lana bultzatzea Arrasaten".
25 talde edo bakarlari gehienez
Parte-hartzea irekia izango da, eta gehienez 25 musika talde edo bakarlarik parte hartu ahal izango dute. Izena emateko gutxieneko baldintza izango da taldekideen %33, gutxienez, arrasatearrak izatea. "Estilo desberdin asko elkartuko dira Hamarratz musika gunean, belaunaldi eta musika genero ezberdinetakoak" aipatu du Mikel Arriaranek.
Proiektua aurrera eramateko, gutxienez 10 taldek edo bakarlarik eman beharko dute izena. 25etik gora izen-emate jasoko balira, honako irizpideak hartuko dira kontuan aukeraketa egiteko:
- Taldekideen gehiengoa arrasatearra izatea
- Kantak euskaraz izatea
- Emakume eta disidenteen presentzia
- Kanta berria izatea
- Talde edo bakarlariak inoiz ezer argitaratu ez izana
Izen-ematea Hamarratz Musika Gunean bertan egin beharko da, izen-emate orria beteta, 2026ko otsailaren 23tik apirilaren 1era bitartean.
Herriko musika eszenari aitortza
Andoni Arratibel kultur zinegotziak adierazi duenez, "Arrasatek lotura estua izan du musikarekin, eta gaur egun ere musikari gazte zein heldu ekintzaile ugari ari dira herrian sormen lan oparoa egiten. Proiektu hau herriko musika taldeek egiten duten lana balioan jartzeko eta merezi duten errekonozimendua eskaintzeko sortu da. Aldi berean, tokiko taldeei zabalkundean eta ezagutzan lagundu nahi diegu, eta kalitatezko grabazio profesionala eskaini, Hamarratzek bere estudioan egiten duen lanari esker".
Hasieran zaila izango dela aitortu du Herizek, baina taldean aurrera aterako dutela: "Hasiera batean proiektuan parte hartuko duten talde berrientzat zaila izan daiteke, baina gu laguntzeko egongo gara, erraztasunak emateko eta urduritasunak kentzeko”.
