ALBISTEAK

Katealegaiaren planta berriko lehen harria jarri dute Arrasaten, Fagor Etxetresnak zegoen lekuan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko otsailaren 18a

Irabazi-asmorik gabeko Katealegaia erakundeak planta berria irekiko du Arrasateko San Andres auzoan, garai batean Fagor Etxetresnen eraikina egon zen lekuan. Etorkizuneko eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldia egin dute gaur, otsailak 18. Beraz, Arrasatek industria-planta inklusibo berria izango du laster, Katealegaia lan-sozietatearendako 4.500 metro koadroko pabiloi berri batekin. 

Eraikin berria garai bateko Fagor Etxetresnen pabiloietan egingo dute eta Katealegaia erakundearentzat inklusiorako eta lehiakortasunerako motorra izango da planta berria, izan ere, 25 lanpostu berri sortzea ahalbidetuko du, eta etorkizunean 150 langiletik gorako plantilla lortzeko oinarriak ezarriko ditu. 

Planta berriaren garrantziaz

Gaur, otsailak 18, egin dute planta berriko lehen harria jartzeko ekitaldia eta bertan egon dira, besteak beste, Arrasateko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Rural Kutxako eta Once Fundazioko ordezkariak. Hitza hartzen lehena Katealegaia erakundeko zuzendaria izan da, eta azpimarratu du gaurko eguna "oso berezia" dela eurendako. "Ekitaldi hau oso berezia da guretzat, urrats garrantzitsua da hiru modutara: enplegua sortuz, industria lagunduz eta gizartea indartuz". 

Katealegaiaren eginkizuna da desgaitasuna duten eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonentzat kalitatezko enplegua sortzea Gipuzkoan. Helburu horren bueltan, Once Fundaziotik ere hiru arrazoi nabarmendu dituzte: "Fagorren planta bat zena berriro erabili ahal izatea oso garrantzitsua da hiru motiborengatik. Lehena, pertsonak lurraldean errotzea lortuko dugulako, oso inportantea dena; bigarrenik, ekonomia zirkularra dugu oinarri, hau da, ez da ezer suntsitzen, dena da berrerabilgarria; eta hirugarrenik, lagundu egingo dugu 25 pertsona baino gehiagok inklusiorako ibilbidea egin dezaten". 

Planta berria 4.500 metro koadro dituen pabiloian egingo dute. 

Jarduera bateratu eta modernizatu

Gaur egun Aretxabaletako eta Bergarako ekoizpen-zentroetan banatuta dagoen jarduera industriala bateratu eta modernizatuko dute Arrasateko planta berriarekin. Esandako moduan, pabiloi berriak 4.500 metro koadroko espazio produktibo egokitua izango du, eta horri esker, sektore hauetan garatu ahal izango dituzte industria-proiektuak, hornitzaile gisa: sarbide-sistemak, mekanizazioa, elektronika, kalitate-kontrola eta multiosagai-muntaketak. Era berean, inguruko enpresekin lankidetzan oinarritutako jarduera-lerro berriak bultzatuko dira, baita pertsonen arreta eta haien gizarte- eta lan-ibilbideen laguntza eta garapenerako espazio moderno berriak sortu ere. 

12 ekoizpen-planta Gipuzkoan

Mikel Torres lehendakariordeak Katealegaia moduko esperientzien garrantziaz jardun du, besteak beste: "Katealegaia, zalantza barik, enplegu inklusiboaren oinarrietako bat da Euskadin azken hiru hamarkadetan eta horretaz oso harro egon behar gara. Esan du zuzendariak, ezgaitasunen bat edo bazterkeria arriskuan dauden 1.000 langile baino gehiago dituzte Gipuzkoan zehar dauden 12 ekoizpen-plantetan banatuta eta beste enpresa batzuetako laguntza programetan. Horrek esan nahi du ez dela enpresa egitura bat bakarrik baizik eta bereziki komunitate bat osatu dutela, talentua, esfortzua eta konpromisoa ardatz hartuta". 

Arrasateko planta berriak ahalbidetuko du 130 pertsonari enplegua bermatzea, eta lehen bi urteetan gutxienez 25 lanpostu berri sortzea nahi dituzte; etorkizunean 200 langileko plantilla lortzea dute helburu. Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak pertsona guztiek bizi-proiektu bat izan dezaten Katealegaiak egiten duen lana jarri du balioan: "Industriak gure herriak irudikatu ditu eta industriak gu irudikatu gaitu, gure identitatearen parte da. Horregatik  gaur hemen egotea, Arrasaten eta eraikin honetan –suposatzen duen horrekin guztiarekin–, proiektu berria abiatzea, hain justu, pertsona guztiek bizitza proiektu bat aurrera eramateko aukera izan dezaten... Benetan, horrek sinbolikoki esanahi izugarria dauka". 

Azkenik, Arrasateko alkate Maider Morrasen ustez, pozgarria bezain hunkigarria da halako proiektu berri bat Arrasaten izatea. "Gizarteratzeko zailtasunak dituzten edo ezgaitasunen bat duten pertsonekin osatutako enpresa hau hemen egotea guretzat oso pozgarria da. Oso pozgarria eta hunkigarria da zuek hona etorri izana aukera berriak sortuz".

Industria zentro moderno berri honi esker, ekonomia sozialeko enpresak gaur egun Aretxabaleta eta Bergarako ekoizpen zentroetako jarduera bateratu eta modernizatuzeaz gain, eredu lehiakorrago, irisgarriago eta inklusiboago bat eraikiko du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak