Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta, hamazazpigarrenez egingo dute lehiaketa. Larreak adierazi duenez, etengabeko hazkundea izaten ari den proiektua da. "2019an bospasei kooperatiba geunden eta, gaur egun, hamasei kooperatibaren babesa du, Mondragon Unibertsitateaz eta Mondragonez aparte. Horrez gain, Arrasateko Udala, hiru aldundiak eta Eusko Jaurlaritza ere hor daude".
Bestalde, Errastik azaldu du Arrasaten jokatuko den zazpigarren aldia izango dela eta Mondragon Unibertsitateak sekula baino parte-hartzaile gehiago izango dituela. "800 inguru espero ditugu guztira eta Arrasateko campusean 500 bat elkartuko dira". Izan ere, Mondragon Unibertsitateak bi egoitza izango ditu: Arrasatekoaz gain, lehen aldiz, Bilboko Bilbao As Fabrik campusa. Azken horretan 300 bat ikasle ariko dira.
Hamahiru ikastetxetako ikasleak elkartuko dira Iturripen eta, taldeka banatuta, honako hau izango da parte-hartzea: 27 talde Challenge kategorian (10-16 urte) eta 21 talde Explore kategorian (6-9 urte).
Horrekin batera, ohi moduan, boluntarioen beharra aldarrikatu du finala jokatu ahal izateko. "Boluntariorik gabe ezin izaten dugu ezer egin eta, beraz, animatu daitezela herritarrak. Arkeologia eta teknologia uztartuko ditu aurtengo gaiak", nabarmendu du. Hemen eman daiteke izena.
Iturripe eraisten hasiko dira aurten
Morrasek, azkenik, dio Arrasateko Udalarentzat proiektu garrantzitsua dela First Lego League, "unibertsitate eta enpresa ezagutza eta balioak azaleratzen dituelako, modu kooperatiboan lan egitearen balioak".
Iturripek, aurten bai, baina datozen urteetan ez du lehiaketako finala hartuko, alkateak aurreratu duenez. "Izan ere, martxoaren 3ko osoko bilkuran onartutako puntuarekin, hasiera emango diogu Iturripe berria egiteko proiektuari. Horrek esan gura du udan eraitsi egingo dutela kiroldegia eta, beraz, datorren urtean ezin izango da hemen egin First Lego League". Hori dela eta, leku posibleak aztertzen ari direla gehitu du.