Iaz lehen aldiz kalera atera eta hainbat arrasatear harritu ondoren, aurten indarberrituta itzuliko dira Txorimaloen eta Kukumarruen Konpartsako kideak. Herri mugimendu gisa sortutako ekimena, “iraganeko sustraietatik edan eta etorkizunera begira eraikitako proposamen parte-hartzailea da”. Azken entsegua joan den egubakoitzean egin zuten, eta prest daude kaleak berriro hartzeko. Otsailaren 13an, 19:30ean, Arrasateko erdigunea izango da txorimalo eta kukumarruen agertokia.
Konpartsak bi helburu nagusi ditu. Batetik, “estetika jatorragoko” Aratusteak sustatzea, Euskal Herrian oraindik bizirik dirauten herri inauterietako ereduei begira eta, betiere, herritarren inplikazioa ardatz hartuta. Bestetik, herriko dantzari eta txistularientzat agertoki berri bat sortzea, beren lana eta sormena kalean plazaratzeko aukera emanez.
Bi figura nagusik osatuko dute aurten ere konpartsa. Alde batetik, txorimaloak daude: dantzari eta musikariek osatutako talde ordenatua, alderdi formalena irudikatzen duena. Bestetik, kukumarruak ageri dira, herria xaxatu eta giroa astintzen duten pertsonaia groteskoak. Aratusteen izaera bihurri eta alaia azaleratzeaz arduratzen dira. Txorimalo eta kukumarro hitzak historian zehar erabili izan dira Arrasaten eta inguruan mozorrotutako pertsonak izendatzeko. Oraingoan, ordea, konpartsako kideek bi terminoei esanahi zehatzagoa eman nahi izan diete, pertsonaia eta rol bakoitza bereiziz.