Haurren eta aurre-nerabeen eskaintzei dagokienez, hiruetatik bi Ozaetako Garai On gunean egingo dira uztailaren 4tik 11ra bitartean. 9 eta 12 urte arteko eta 12 eta 14 urte arteko taldeetan banatuko dira, eta, bertan, "nerabeen interes eta beharretara" egokitutako ekintzak egingo dituzte; horretarako, "adin-artekotasuna sustatzea" helburu izango duten ekintzak antolatuz: "Sinisten dugu adin-artekotasuna lagungarria izan daitekeela gazteenek nagusienengandik ikasteko, eta nagusienek ere gazteenengandik ikasteko", azpimarratu du Aranzabalek.
Nagusienen kasuan, 14 eta 18 urte artekoek Kosta ala kosta udaleku ibiltarian izena emateko aukera izango dute, eta, Bergaran hasita, Gipuzkoako mendiak zeharkatuko dituzte ekainaren 28tik uztailaren 5era bitartean. Zaintza eta naturaz gozatzeko aukera "interesgarria" dela esan du Iñaki Telleriak, Txatxilipurdiko udalekuetako lantaldeko kideak: "Bidaiak badu abentura xarma bat. Izan ere, ibilbidea Bergaran hasten da, eta kostaldera heldu arte, poliki poliki Gipuzkoako mendi eta haran desberdinak zeharkatzen dira".
Arrasatetik harago
Telleriak azaldu duenez, Txatxilipurdi elkartearen udalekuetan izen ematea posible izango dute Euskal Herriko edozein herritako haurrek, eta hori egitea posible izango da lau modutan: Txatxilipurdiren webgunean; QR kode baten bidez; Txatxilipurdiren bulegoan —astelehenetik eguenera, 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 17:00etara—, edo 943 79 54 46 telefono zenbakira deituz. Horrez gain, azaldu dute informazio puntuak jarriko dituztela udalekuen inguruko zalantzak argitzeko.
Aurtengo udaleku itxiek iazko prezio berdina —350 euro— izango dutela jakinarazi dute Txatxilipurdiko koordinatzaileek, eta %5eko deskontua aplikatuko zaie AED-ko bazkideei, eta familia ugariak diren gurasoei.
Informazio puntuak:
- Otsailak 12, eguena, Biteri plazan. 17:00-18:30
- Otsailak 19, eguena, Musakolako Institutu aurrean. 17:00-18:30
- Otsailak 27, egubakoitza, Arimazubi plazan. 17:00-18:30
- Martxoak 3, martitzena, Kurtxetxiki plazan. 17:00-18:30
- Martxoak 6, egubakoitza, Seber Altube plazan. 17:00-18:30