Goizeko 08:00etako mezaren ostean hasi dute eguna Santa Ageda abesbatzako kideek. Ondoren, bi taldetan banatu dira. Talde batek erdigunean ekin dio ibilbideari, banketxeetan kantuan hasita. Handik Arrasate Herri Eskolako Erguin gunera joan dira, ondoren Arizmendi Ikastolako Uribarriko Haur Hezkuntzako gunera, eta Bedoñabetik igaro ostean Bedoña auzorantz jo dute. Denborarik izanez gero, Udalara ere igotzeko asmoa dute. Arratsaldean, besteak beste, Olandixon eta ospitalean ariko dira kantuan.
Beste taldeak, berriz, hamaiketakorako produktuak eskuratzeari ekin dio lehenik. Ohiturari jarraituz, Otamendi harategian kantuz eskatu dituzte txorizoak, eta Mendizabal okindegian ogia. Merkatariek eskuzabaltasunez hartu dituzte kantariak. Ondoren, Musakola auzora joan dira, eta Kaitaideko industrialdeko hainbat lantegitan eta inguruko baserrietan ibili dira abesten. Baserri auzoetan jasotako dirua Arrasateko Caritasera bideratuko dute, elkartasun keinu gisa. Eroskin eta Ziorlako ikastetxeetan ere egin dituzte geldialdiak, eta arratsaldean Arimazubin eta Bedoñaben izango dira.
Ordubietan Arrasateko udaletxean ere abestu dituzte Santa Ageda bezperako kantuak herritarren eta udal ordezkarien aurrean, gero eta jendetsuagoa den ekitaldian. Besteak beste, Iluntzean, Aldapeko sagarraren, Elurra teilatuan, Hombre de fe eta ohiko Santa Ageda kantua eskaini dituzte. Iluntzean, berriz, Herriko Plazan elkartuko dira kantariak, egunari amaiera emateko.