Abian dira San Andres auzoko Gaztetxokoa eraberritzeko lanak

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 3a

Blanca Jauregi, Gazteria teknikaria; Gladys Fernandez, Belaunaldiartekotasun zinegotzia, eta Ainara Aroma, Obra Zerbitzu eta Mantzentze teknikaria, gaur, San Andreseko Gaztetxokoan.

Arrasateko Udalak hasi ditu San Andres auzoko Gaztetxokoa eraberritzeko lanak. Belaunaldiartekotasun zinegotzia den Gladys Fernandezek dioenez, Gaztetxokoa "egungo beharretara egokitutako espazio seguruagoa, irisgarriagoa eta erosoagoa" izatea gura du Udalak. Horretarako, 176.159,68 euroko aurrekontua bideratuko dute, eta 23 asteko epean, lanak amaituta egotea aurreikusten da.

Gaur –otsailak 2– hasi dira San Andres auzoko Gaztetxokoa eraberritzeko obrak. Kurtzetxiki plazako 2. zenbakian kokatuta dagoen lokala, 1994an ireki zen, eta, Gladys Fernandez, Belaunaldiartekotasun zinegotziaren arabera, "beharrezko" lanak dira honakoak: "Jarduketa honen helburua da espazioa egokitzea eta bertan garatzen den jarduera behar bezala legeztatzea, segurtasun, irisgarritasun eta erosotasun baldintzak hobetuz".

Lan hauen baitan, lokalaren barne-distribuzioa aldatuko da, akaberak eta instalazioak berrituz. Kanpoko arotzeriak ere ordezkatuko dira, lokalaren ezaugarri termikoak eta akustikoak hobetze aldera. Irisgarritasunari dagokionez, sarreran eta komunetan dauden koskak kenduko dituzte. "Erabilera publikoko gela guztietan irisgarritasuna bermatuko da. Gainera, lokalaren perimetro osoan trasdosatua egingo da, dagokion isolamendu termikoarekin, eta sabai akustiko aizuna jarriko da jardueraren erosotasun-baldintzak hobetzeko", gehitu du Fernandezek. 

Lan hauek garatzeko, 176.159,68 euroko aurrekontua bideratu du Udalak, BEZa barne. Bestetik, 23 astetan obrak amaituta egotea aurreikusten da, eta Zamakoa SA enpresak izango du horiek gauzatzeko ardura.

San Andreseko Gaztetxokoko obrak abian.

Eraberritzen den bigarrena

San Andreseko Gaztetxokoko eraberritzea, Musakolako Gaztetxokokoari gehituko zaio honenbestez. Iaz hasi ziren Musakolako Gaztetxoko berria kokatuko den lokala berritzeko obrak; Udalak lokala erosi ostean hain zuzen. "Agintaldi honetan, bi dira erabat eraberritu diren Gaztetxokoak: Musakolakoa eta San Andresekoa. Biak ala biek nerabeen zein hezitzaileen beharretara egokitzeko lanak izan dira, aisialdi eta heziketa zerbitzu hobeago bat eskaintzeko asmoz", esan du Fernandezek.  

Gaztetxokoa bitartean Etxaluzen

Lanek irauten duten bitartean, ez da Gaztetxokorik faltako San Andresen. Behin behineko espazio hezitzailea Etxaluzeko bigarren solairuan, Solozar gelan egongo da kokatuta; ohiko ordutegiekin eta ohiko hezitzaile zein ekintzekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak