Itzalaldia sare elektrikoan: zer gertatu zen, zer aldatu behar da? hitzaldia egin du Kulturateko areto nagusian Itziar Zubia industria-ingeniariak, Goienagusik gonbidatuta. Hain zuzen, 2025eko apirilaren 28an gertatutako itzalaldia izan da saioko ardatza. "Itzalaldi hark hainbat gako izan zituen. Azterketa bat egin ostean, ikusi da arazo ezberdinen multzo bat izan zela. Hainbat akats izan ziren kudeaketan, zentralen erantzunetan zein enpresa elektrikoetan. Dena batera gertatu zenez, itzalaldi historikoa bizi izan genuen", adierazi du.
San Prudentzio egunez izan zen itzalaldia, eguerdiko 12ak eta 32 minututan, eta Iberiar penintsula osoari eragin zion, baita Frantzia hegoaldeko hainbat tokiri ere. Bost segundotan hamabost gigavatio inguru galdu zirela kalkulatzen dute adituek. Zubiak azaldu duenez, hainbat akats izan baziren ere, badira esanguratsuak diren batzuk. "Zentral fotovoltaiko handi batek huts egin zuen. Ondoren, lagundu behar zuten zentral termiko batzuek ez zuten laguntzeko baldintzarik izan. Eta, azkenik, beste deskonexio batzuk ere izan ziren. Batak bestea eroriarazi zuen eta dena galdu zen".
Ingeniariak nabarmendu du ez dela ohikoa halako itzalaldi orokortuak izatea, nahiz eta gertatzen diren txikiago batzuk egunerokoan. "Sare elektrikoa kudeatzen dutenak prestatuta daude akats bat edo bi gertatzeko eta, esango nuke, egunero gertatzen direla, nahiz eta kontrolatzen dituzten. Hala ere, baldintza horietan, ez zuten kontrolatzerik izan".
Aldaketak, sistema eten barik
Neurri batean, inflexio-puntu bat izan da itzalaldi hura. Izan ere, hainbat gauza eguneratzeko balio izan duela azpimarratu du Zubiak, eta eguneratzen jarraitzeari eman dio balioa. "Ikerketa bat egin da eta zaharkituta zeuden kudeatzeko modu batzuk berritzen hasi dira. Sare elektrikoaren estruktura eguneratu egin behar da. Ditugun baliabide batzuk sareari ezarri behar zaizkio, eta energia berriztagarriei protagonismo handiagoa eman behar diegu. Hala ere, zaila da martxan dagoen bitartean egin behar dela hori, ezin da gelditu aldaketak ezartzeko, eta horretan ariko dira, noski".
Esker mezuak Goienagusiri
Bukatzeko, adierazi du elektrizitatea benetan falta izan zenera arte ez zuela gizartearen interesik izan, eta sare elektrikoari buruz jakiteak duen garrantzia nabarmendu du. Hori dela eta, gaiari buruzko hitzaldiak ematen ari da, eta eskertuta azaldu da Goienagusirekin. "Falta izan zaigunera arte jendea ez da konturatu elektrizitateak duen garrantziaz. Itzalaldiaren ostean, hitzaldi bat baino gehiago eman izan ditut. Asko gustatzen zait hedapena egitea eta gauzak zergatik gertatu ziren azaltzea. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiot Goienagusiri, gonbidapenagatik".