Handik hona

Robinson Castañeda: "Ni bezalako pertsona bat hona etorri eta etxean bezala sentitzea ez da ohikoena"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko urtarrilaren 26a

Kornelio, martitzen arratsaldean, Arrasateko Monterron parkean. (Argazkia: I.A.A.).

Hark dioenez, "espero gabeko amets bat" da Arrasaten bizi izatea.

Kornelio ezizenez da ezaguna Arrasaten Robinson Castañeda (Medellin, Kolonbia, 1984) eta hilaren 26an beteko dira lau urte handik hona etorri zenetik. Bereziki, gustuko ditu argazkilaritza eta gastronomia.

Nolakoa zen zure bizitza hona etorri aurretik?

Rockak presentzia handia izan zuen haurtzaroan. Patinetan, patinetean edota bizikletan ibili izan naiz; muturreko kirola gustatu izan zait. Musikari oso lotuta nengoen. Ez naiz artista plastikoa, baina asko gustatzen zait. Matrikulatu gabe, argazkilaritza edota pinturako eskoletan sartzen nintzen unibertsitatean. Beti gustatu izan zait kulturan sartuta egotea. Liburu bat idazten ere ahalegindu nintzen, baina, ezabatu egin zutenez, galdu egin nuen. Ez dago ezberdintasunik Kolonbiako eta hemengo bizimoduen artean.

Zergatik joan zinen?

Betidanik nahi izan dut Kolonbiatik atera. Hasieran, hango beste lurralde batzuetan egon nintzen, eta, gero, Panamara joan nintzen. Han nengoela GKE batean lan egiteko aukera sortu zitzaidan eta Kolonbiara itzuli nintzen. Lau urtez han egon ostean, hona etorri nintzen.

Zergatik Arrasatera?

Lagunek gonbidatu ninduten, eta hemen egoteko aukera eman zidaten. Hilaren 26an lau urte beteko ditut hemen. Ospatu egin beharko da.

Zerk harritu zintuen hemen?

Bidaiatu aurretik lana hartu nuen nora nentorren jakiteko. Banekien kulturalki talka izango zela, ez nintzelako hasieratik hona egokituta egongo. Esan dezagun proba batzuk pasa behar direla kuadrilla baten parte izateko. Banekien nora nentorren, baina ezberdina izan zen hona etorri eta jendearen bertsioak entzutea. Batek esan zidan hemen jendea ondo hartzen duzuela, betiere, kuadrillaren parte zarenean. Ikusi dut euskaldun batek kolpe bat jotzen badizu bizkarrean, lagun arteko keinua dela.

Ze zailtasun izan dituzu?

Egokitzea ez da zaila izan, etxean nagoela sentitu dudalako. Zailena hutsetik hastea izan da. Ez nuke esango alde txarra denik kuadrilla baten parte ez izatea, baina interesgarriagoa izango litzateke euskal testuinguru batean gehiago parte hartzea. Ez da nire asmoa hori aldatzea. Dena kultura kontua da eta errespetatu egin behar dut.

"Zentzua daukadanetik 'paisa' izan naiz, baina ez dut 'paisen' ohiturarik izan"

Hango ohiturak mantentzen dituzu?

Nire herrikideek esaten didate ez dudala hangoa ematen. Zentzua daukadanetik paisa izan naiz, baina ez dut paisen ohiturarik izan. Saiatzen naiz azentua asko markatzen, baina beti lengoaia unibertsal batean mugitu naiz. Hemengoek ere esaten didate ez dudala kolonbiarra ematen. Adibidez, asko gustatzen zait saltsa, baina ez dut dantzatzen, nerabea nintzenean rockero batek ezin zuelako dantza egin, eta horrekin geratu naiz.

Esaten dizute ez duzula paisa ematen; nolakoak dira?

Orokorrean, marquillero janztea gustuko dute; hau da, markako arropak, gomina asko ilean, eder egotea gustatzen zaie... Outfit zehatz bat dute. Niri itxura normalagoa izatea gustatzen zait. Praka bakero batzuk eta kamiseta bat; vintage-agoa. Paisa bat beste kulturekin modu erraz batean harremandu daiteke.

Nolakoa zen eta da Medellin?

Klima aldatu da. Bertako jendea aparta da, baina zentrifikazioagatik ez da erraza han bizitzea. Alokairua garestia da eta lapurretek gora egin dute, esaterako.

Zer da kolonbiarra izatea baina Arrasaten bizitzea?

Espero gabeko amets bat. Konplikatua da. Ni bezalako pertsona bat honaino etorri eta etxean bezala sentitzea ez da ohikoena. Hori da arraroena, jakinda paisa naizela eta hemen ez jaiotakoa izanda ere oso eroso sentitzen naizela. Ez naiz euskaldun sentitzen, baina bai hemengoa.

Horixe zen hurrengo galdera.

Hemengoa sentitzen naiz gehiago. Etxean bezala sentitzen naiz, ez arrotz, eta iruditzen zait jendeak ere ez nauela kanpotartzat hartzen. Jendeak ez bazaitu kanpotartzat hartzen, erosoago sentitzen zara.

Zer igartzen duzu faltan?

Batek herrialdea utzi eta ikusten duenean bere bizitza 20 kiloko maleta batean daramala, uste dut hor ekarri nuela behar nuen guztia.

Zer gustatzen zaizu Arrasatetik?

Klima eta arkitektura. Egon naizen debagoiendarrek aukera eman didate lasai hitz egiteko eurekin. Ez futbolaz, baizik eta politikaz, adibidez.

Arrasaten bizitzen jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Joatea pentsatu dut, baina kostaldera. Euskal Herritik ez nintzateke aterako. Sentitzen dut nire lekua hemen dagoela. Aurreikuspena ez da joatea.

Bi kulturak parez pare jarri ditu

Saiatu da askotan euskara ikasten, baina "porrota" izan da: "Denbora guztian euskara praktikatzeko inor ez dudanez, zaila da". Hala ere, saiatzen da euskara giroan sartzen, euskaldunekin egon eta esaten dutena adi entzuten, eta horri esker lortu du "horizontean ez galtzen". Gainera, "asko" lagundu dio hemen ikasketak egiteak: "Eskolak gaztelaniaz baziren ere, saiatzen nintzen lanetan euskarazko hitzak sartzen. Ederra da kontzertu batean bat, bi, hiru, lau oihukatzea".

Kultura antzekotasunak

Kulturalki "ezberdinak" izan arren, dioenez Antioquiak (Kolonbiako departamentua) eta euskaldunek antzeko ezaugarriak dituzte: "Ni natorren lurraldeak euskal eragina badu. Markatutako s-ak euskaldunengandik eratorri dira. Gastronomian ere, baba-jana (frijole-jana) daukagu, adibidez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak