Urte luzeko eskaeraren ostean, eta bi urtez obrak bukatzeko zain egon ostean, "oso pozik" azaldu dira Arrasate Herri Eskolako Musakola guneko irakasle, ikasle zein familiak. Obrak iraun duten bitartean, Haur Hezkuntzako ikasleak Musakolan mantendu dituzte eta, Gabonetako oporren ostean, Lehen Hezkuntzakoak batu zaizkie, behin lanak bukatuta.
Nahiara Odriozolak, Musakola guneko Haur Hezkuntzako koordinatzaileak, azaldu du egunerokoa ez dela erraza izan obrek iraun bitartean. "Luze egin zaigu, momentu askotan zaratak eta bestelakoak eduki ditugu, eta moldatzea ez da erraza izan. Edozelan ere, orain oso pozik eta ilusioz gaude, Lehen Hezkuntzakoekin eraikina partekatuko dugulako".
Lehen Hezkuntzako koordinatzailea Beñardo Balerdi da eta hura ere gustura azaldu da emaitzarekin. "Oso ondo geratu da eraikina". Obra bukatuta badago ere, azken detaile batzuk falta direla nabarmendu du. "Esaterako, ate batzuk ez dira ondo ixten, baina segituan konponduko dute hori. Horrekin batera, arbel digital batzuk ez dira iritsi oraindik, baina laster helduko dira".
Jangela hainbat aldiz lekualdatu behar izan dutela ere adierazi du Balerdik. "Dagoeneko bere lekua du eta oso ondo geratu da, oso polita. Izan ere, leku batetik bestera mugitu behar izan dute lanek iraun bitartean".
Eraikin berria, "oso argitsua"
Eraikinak "lasaitasun handia" ematen duela eta "oso argitsua" dela azpimarratu du, azkenik, Iratxe Salaberriak, Arrasate Herri Eskolako zuzendariak. Halaber, eraikin berrituak dituen teknologia aurreratuei eman die balioa. "Nabarmentzekoa da argi sistema aurreratua duela. Hau da, kanpotik sartzen den argiaren arabera egokitzen da barruko argia. Horrez gain, ate guztiak zabaltzen ditugu telefono mugikorraren edo txartelaren bidez; giltzak oso gutxi erabiltzen ditugu. Batzuendako ondo egon arren, beste batzuei kostatzen ari zaie egokitzea, baina teknologia aurreratua da. Berogailu sistemari dagokionez, haizea eta ura erabiltzen dira".
Eraikinak dituen "pasabide zabalak" ere balioetsi ditu, argitasun handikoak. "Horrez gain, guztiontzako gelak daude eta irakasle batek edozein momentutan edozertarako izan dezake libre gela bat; izan ere, Erguinen gertatu izan zaigu bilera bat egiteko gelarik ere ez izatea. Horrekin batera, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasle guztiak elkarrekin egotea ere gauza ona da".
Azkenik, balioa eman nahi izan dio Musakolako ikasleek ziklo guztia han bertan egiteko aukerari, haur-eskolatik hasi eta hemezortzi urtera arte.
Patioa berritzea falta da
Patioa berritzea faltako litzateke orain. "Batetik, Hezkuntza Sailak onartuta dauka dagoeneko patio zaharra eraberritzea, eta Aste Santuko oporrak baliatuko dituzte horretarako. Patio inklusiboa egingo dute, naturalagoa. Horrekin batera, familiekin batera, Udalari dirulaguntza bat eskatu diogu patioaren gainontzeko zatiko lurzorua eraberritzeko".
'Ateak zabalik' jardunaldiak, astelehenean
Urtarrilaren 19an Ateak zabalik jardunaldiak egingo dituzte, 16:30ean hasita. "Musakolako eraikineko familiak, egungoak zein lehengoak, gonbidatuta daude, baita ikasle eta irakasle ohiak ere". Horrekin batera, udal ordezkariak ere joango dira, baita Jone Arizabaleta Musakolako alkatea eta jai batzordeko ordezkariak ere.
Helburua izango da eraikina barrutik ezagutzeko aukera ematea guztiei. "Galdera guztiak erantzungo ditugu eta mugimendu librea ahalbidetuko dugu, norbere gustura eraikina ikus dezaten".