"Pozik" hitz egin du Arrasateko San Andres auzoko Intersport Loramendi kirol-dendako Itziar Uriartek. Merkealdia oso ondo hasi dutela dio: "Elurra eta hotza izan ditugu, eta hori da guri komeni zaiguna neguko jenero guztia ateratzeko, jendea askoz ere gehiago animatzen da. Oraindik negua hasi besterik ez da egin, asko geratzen da aurretik, eta oso garai ona da sasoiko zamarrak, oinetakoak... erosteko". Hark esandakoa berretsi du Oskarbi oinetako-dendako Laura Urkiolak: "Negu-giro betean hasi da merkealdia eta horrek salmentei begira asko laguntzen du. Errege Egunean elurra egin izanak berak izugarrizko bultzada suposatu du guretzako".
Laura Urkiola: "Ez dira lehengoak modukoak"
"Hasiera ona" izan arren, merkealdiak ez dira lehengoak modukoak, Urkiolaren hitzetan: "Lehen, urtean, behin edo birritan izaten ziren beherapenak, baina, orain, urte osoan zehar ditugu deskontuak –black friday eta halakoak–, Gabonetatik ere bagatoz... eta igartzen da jendea neguko merkealdian ere lasaiago hasten dela. Edozein kasutan, deskontuak handitzen joan ahala, animatzen da eta gehiago gastatzen du".
Gabonetan salmentak ondo joan direla dio, baina, kasu horretan ere, garai batean baino apalago: "Lehen, aldi jakin batzuetan, salmentek nabarmen egiten zuten gora, baina, gaur egun, mugimendua nahiko egonkor mantentzen da urtean zehar".
Euren kasuan, neguko merkealdiaren aurretik deskontuekin hasten direla azaldu du, Gabonei bultzada emateko. Behin merkealdian sartuta, %30eko eta 50eko deskontuak aplikatzen dizkiete oinetako jakin batzuei –neurri gutxi batzuetan geratzen diren modeloei, nagusiki–, eta %10ekoa eta 20koa gehiengoari –heldu berri diren goretexdunei eta gehien saltzen direnei, hurrenez hurren–.
Itziar Iriarte: "Badute erakarmena, oraindik"
Aspaldiko garaiekin alderaketa eginez gero, gauzak asko aldatu direla dio Itziar Uriartek ere, baina merkealdiek oraindik ere erakarmen handia izaten jarraitzen dutela erantsi du: "Badira merkealdia noiz hasiko zain egoten direnak, eta, hasi bezperetan, dendara erostera baino gehiago ikustera eta ideia batzuk hartzera gerturatzen direnak. Guri komeni zaiguna da, izan merkealdia edo ez, jendea etortzea. Horretarako gaude. Gu, pozik, denekin".
%20-30 bitarteko deskontuekin dute gehien-gehiena, oraingoz, eta, dio, denetarik saltzen ari diren arren, nabaritzen dela negu-neguko gauzak –eta, batez ere prezio altuenekoak– erosteko merkealdiaren zain egoten direla asko.
Jaiegunak hasi baino lehen ekin zieten prestaketa lanei, baina, merkealdia Gabonak bukatzeaz bat hasten dela kontuan izanik, lehen egunak zoramena izaten direla dio.
Denboraldiari berari buruz galdetuta, berriz, udazkena epela izan zela eta, ondorioz, denboraldiari martxa hartzea kosta egin zitzaiola adierazi du, baina, hortik aurrera, ondo joan dela, eta Gabonak ere oso ondo joan direla.