Arrasateko zazpikoteak 97 itzuli osatu ditu Teruelgo 24 orduko erresistentzia proban

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko abenduaren 19a

Zazpi lagunek osatutako Arrasateko taldeak 97 itzuli eman dizkio 10 kilometroko lurrezko pistari, 24 orduz jarraian, 37 urteko Opel Corsa batekin. Horixe da Arrasateko taldeak abenduaren 6 eta 7an Teruelen jokatutako Interclassic Off Road 24 orduko erresistentzia proban utzitako datu nagusien laburpena. Zenbaki horien atzean antolaketa, talde-lana eta erresistentzia handia ezkutatzen dira.

Espainian urtero egiten den proban 2000.urtea baino lehen fabrikatutako ibilgailuek har dezakete parte eta egun oso bat pasatu behar dute 10 kilometroko pistari ahalik eta itzuli gehien emanez. Abiaduraz harago, mekanika zaintzea, erritmoa kudeatzea eta talde-lana dira lehiaketaren motorra. Parte-hartzaile eta ibilgailuentzat, bientzat, da erresistentzia ariketa. Iaz abiatu zuten proiektua: autoa erosi, lehen aldiz probatu eta esperientzia hartzea izan zen helburua. Aurten, hobeto prestatuta eta antolaketa landuagoarekin itzuli dira Teruelera.

Erreleboak eta lantaldea

24 orduko proban antolaketa funtsezkoa da. Arrasatekoek bi orduko txandatan banatu zituzten lehen 12 orduak, pilotu eta kopilotu lanak uztartuz. Amaierako 12 orduak berriz, hiru orduko txandatan banatu zituzten. Momenturik gogorrena gaua izan zela aitortu dute: "Nekea pilatzen da, baina gustura egiten dugunez, aurrera jarraitzen dugu". Bitartean, gainerako kideek atseden hartu edo boxetako lanetan jardun zuten. Autoak arazo mekaniko ugari izan ditzake; horregatik, beste lau lagun ere izan zituzten mekanikari lanetan. Talde-lanaren garrantzia azpimarratu dute: "Beti egon behar da norbait gertu, gurpil zulatuak edo matxurak berehala konpontzeko".

37 urteko autoa

Erabilitako autoa, joan den urteko bera, 37 urteko Opel Corsa bat izan da, parrillako motor txikienetakoa. "Beste auto gehienek zilindrada eta potentzia handiagoa zuten, eta horrek zaildu egiten du mekanikoki lehiatzea", azaldu dute. Hala ere, taldearen helburua ez denez irabaztea, aukeratutako autoak baditu bere alde onak: sinpletasuna eta fidagarritasuna. Mekanikoki "lau gauza" dituela azaldu dute, eta horrek "disfrutatzeko egoki" egiten duela.

Amaitzea, erronkarik handiena

Guztira, 26 autok hartu zuten parte proban, eta horietako batzuek ez zuten amaiera ikusi: "Lau autok kanpai-bueltak eman zituzten; beste hainbat erretiratuta geratu ziren". Horrek agerian uzten du, itxuraz erraza dirudien arren, 24 orduko erresistentzia proba amaitzea bera dela benetako erronka; lortutakoarekin "pozik" dago taldea.

Aurrera begira

Teruelgo esperientziaz gain, Arrasateko taldea Mendabian jokatutako sei orduko erresistentzia proban ere aritu da jada. Aurrera begira, egutegia aztertu eta ateratzen diren lehiaketetan parte hartzen jarraitzeko asmoa dute. Ahal bada, auto berarekin jarraituko dute, nahiz eta onartu duten mimo handia behar duela: "Arazo nagusia da egur handia ematen zaiola", esan dute. Erronka, laguntasuna eta motor zaletasuna uztartzen dituen abentura honetan jarraitzeko asmo sendoa dutela jakinarazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak