Arrasaten Tril proiektuaren berri eman du Udalak, hainbat eragiletako ordezkariekin batera egindako prentsa agerraldian. Maider Morras alkateak nabarmendu du Arrasateko "altxor nagusietako bat" herriko eragileen lana dela, boluntariotzan oinarritutako jarduna, "komunitatea ehuntzen" duena. "Orain arte, ordea, jarduera horren informazioa sakabanatuta egon da askotan. Horri erantzuteko, eragileekin elkarlanean, agenda bateratua sortu dugu, topagune eta erakusleiho komun gisa".
Izenari dagokionez, Arrasaten urte luzez erabilitako hitza berreskuratzea izan da helburua. "Tril egitea ustekabean aurkitzea edo elkarrekin topo egitea da; ideia horri helduta, agenda berriak herritarren eta eragileen arteko sare sendoagoa sortzea du xede".
Agenda bateratua eragileek elikatuko dute, bakoitzak bere jardueren berri emanez. Halaber, Udalaren kultur eta bestelako ekitaldiak ere bertan jasoko dituzte. Hasiera batean kultur eragileekin jarri da martxan, baina aurrerantzean eragileen sarea zabaltzen joango dela azpimarratu dute. "Beraz, parte hartu nahi duten eragileek, dagoeneko egin dezakete horretarako eskaera", azaldu du alkateak.
Bi plataformatan ikusgai
Aipaturiko agenda bateratua bi plataformatan egongo da ikusgai. Batetik, arrasatentril.eus izeneko helbidean, ekitaldiak "modu intuitiboan" kontsultatzeko aukerarekin. Gainera, iragazita, bilaketa aurreratuak egin ahal izango dira, data, eragilea eta ekitaldi mota zehaztuta –musika eta arte eszenikoak, erakusketak, kanpo jarduerak, zinea eta ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, formakuntza eta tailerrak, eta besteak–.
Bestetik, aplikazioa ere kaleratu dute, agenda osoa biltzeaz gain, beste hainbat eduki eta zerbitzu emango dituena. Aplikazioak lau atal nagusi izango ditu. Batetik, Udalaren eta eragileen albisteak. Bestetik, agenda bateratua. Horrekin batera, Udalaren eta eragileen bideoak eta bestelako edukiak. Azkenik, zerbitzu eta tramiteetarako sarbide zuzenak. "Azken horretan, Udalarekin harremanetan jartzeko aukerak, tramiteak, gida turistikoa, parte-hartze prozesuak, garraio eta farmazien ordutegiak, Amaia antzokiko sarrerak edo kiroldegiko webgunea kontsultatu ahal izango dira, besteak beste".
Momentuz, Android sisteman
"Azken orduko arazo tekniko baten ondorioz", aplikazioa, momentuz, Android sisteman bakarrik dago eskuragarri. "Edozelan ere, datozen egunetan iOSen ere erabilgarri izatea aurreikusten dugu". Helbide honetan dago aplikazioa deskargatzeko aukera.
Bukatzeko, azpimarratu dute "ate digital berria tresna estrategikoa" dela "herriko bizitza soziala, kulturala eta komunitarioa indartzeko", eta herritarrei zein eragileei informazioa eta zerbitzuak "modu erraz eta bateratuan" emateko.