San Juan de Diosek osasun mentalean espezializatutako elkarteen gida osatu du

Goiatz Arana Begiristain 2025eko abenduaren 12a

San Juan de Dios Gipuzkoako zuzendari-gerente Arantxa Picon gida aurkezten, atzo egindako jardunaldian.

Tresna erabilgarria izan nahi du buru-osasuneko profesionalentzat, lehen arretakoentzat, gizarte zerbitzuentzat eta toki-erakundeentzat, pazienteak eta familiak Gipuzkoako sare eta baliabideetara hobeto bideratzeko.

Gaixoen eta familien elkarteen gida. Osasun mentala Gipuzkoan. Horixe du gidak izenburu, eta atzo aurkeztu zuten, Arrasateko San Juan de Dios ospitalean. Jardunaldian izan ziren Ospitale Ordenako zuzendaritzako kideak, Maider Morras eta Jasone Giraldo –Arrasateko alkatea eta Ongizate zinegotzia, hurrenez hurren– eta gidak batzen dituzten elkarteetako ordezkariak. Argitalpen berria aurkeztu eta solasaldia egin zuten.

San Juan de Dios Gipuzkoako zuzendari-gerente Arantxa Piconek azaldu zuen elkarteak ere preskribatzeko helburuarekin sortu dutela gida: "Osasun arloan medikamentuak preskribatzen ditugu, baita laguntza teknikoa ere, baina gauza oso garrantzitsu batez ahazten gara: pertsonek dituzten behar guztiak asetzeaz. Horregatik, gaixoen eta familien elkarteak ere preskribitzea helburu moduan hartu, eta esku artean dugun gida osatu dugu".

Aurrerantzean, osasun arlotik elkarteak ere preskribatzea da helburua

Osasun mentalarekin lotutako egoera konplexuak bizi dituzten pertsonen beharrei erantzuten laguntzen duten pazienteen eta familien elkarteak batzen ditu liburuxkak. Horietako hainbatetan, gainera, profesionalizazioa izan da azken urteetan, eta horrek ahalbidetu du, Piconen esanetan, "elkarte horiek eman ahal izatea beste edozein erakundetan ematen den moduko estaldura edo are profesionalagoa". Taldekako lan "handia" egiteaz gain, bakarkako arreta psikologikoa ere ematen dutela erantsi du, eta, elkarlana gehituz gero, pertsonei arreta osoa ematea errazagoa izango dela: "Osasun eta gizarte arloen, elkarteen eta udalen arteko elkarlanak lagunduko digu arreta bio-psikosoziala eskaintzen".

Gipuzkoako lehena

Gisa horretako lehen gida da Gipuzkoan, eta pertsona denen eskura ipiniko dute, "guztientzako" delako. Datuek erakusten dute, hain justu, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen kopuruak gora egin duela –batez ere, gazteen artean eta nesketan– eta profila ere aldatu egin dela –nahasmendu dual asko daude egun–, eta hori "arazo larria da, ez bakarrik osasungintzan, baizik eta pertsona guztientzat", adierazi du Piconek.   

Espainiako Pazienteen Erakundeen Plataformako lehendakari Pedro Carrascalek zoriondu egin ditu gidaren sustatzaileak, "osasun eta gizarte arloen artean kasu gehienetan dagoen deskonexioa gutxitzeko abiapuntua" dela iritzita: "Gaixotasunak osasungintzatik igarotzen gareneko une bat baino askoz gehiago dira, pertsonarekin dute zerikusia, eta alde hori ere artatu beharra dago. Osasun arlotik elkarte horiek preskribatzeak pertsona askoren bizitza aldatu dezake".

"Elkarteen lanari ikusgarritasuna emateko gida hori funtsezko tresna" dela gaineratu du, eta "Arrasaten egindakoa moduko jardunaldiek elkarrengandik ikasteko balio" dutela.  

17 elkarteren gaineko informazioa

Liburuxka formatua du gidak,  eta 44 orri ditu: erdi eta erdi, euskaraz eta gaztelaniaz. Osasun mentalarekin lotutako egoera konplexuak bizi dituzten pertsonen beharrei erantzuten laguntzen dieten pazienteen eta familien elkarteak jasotzen ditu; 17, guztira. Tartean dago Arrasateko Katearen loturak, eta badira anorexiaren eta bulimiaren aurka edo suizidioaren eragina murrizteko lanean ari direnak ere, batzuk aipatzearren. Helbideak, telefonoak, posta elektronikoak, webguneak, zerbitzu nagusiak eta nori zuzenduta dauden jasotzen ditu gidak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak